Sahararrei laguntzeko lanean
Juventud Activa Saharaui taldea sortu dute, saharar errefuxiatuen kanpalekuetan bizi direnen errealitatea ezagutarazteko eta laguntzeko. Materialak batu dituzte koronabirusari aurre egiteko.
Basamortuan, 50 gradutik gorako giroan. Mugak itxita. Laguntza humanitariorik barik, eta osasun baliabide “murritzekin” pandemia baten erdian. Hori da saharar errefuxiatuen kanpalekuetan bizi direnen errealitatea.
Egoera hori ezagututa, asko dira euren herriaren eskubideak eta errealitatea hobetzearen alde egun gura dutenak. “Gure herriaren egoera ahalik-eta gehien hobetu gura dugu. Neurriak hartu gura ditugu horretarako”, dio Gernika-Lumon bizi den Bachari Labeid sahararrak. Urteak daramatza udalerrian, baina COVID-19ak eragindako egoeran saharar kanpalekuetako bizi baldintzak “asko txartu” direla aintzat hartuta, Juventud Activa Saharaui taldea sortu du: “Laguntzeko momentua da”.
Izan ere, pandemia baten erdian “ia osasun materialik ere ez” dutela salatu du Labeidek: “Familia bakoitzeko, astebeterako maskara bakarra dute herritarrek”. Osasun langileen egoera ere prekarioa dela adierazi du, maskara bategaz egun oso bat egon behar baitira: “Maskara kirurjikoen iraupena lau ordukoa da egoera normaletan. Baina 55 graduko tenperaturekin ez dute horrenbeste irauten. Busti egiten dira, eta euren eraginkortasuna galtzen dute”. Eta osasun langileak kutsatuz gero, horiek ordezkatzeko baliabideak ere “eskasak” dira: “Langileak gaixotuz gero, etxean egon behar dira, eta nork zainduko ditu herritarrak? Hor dago arazoa”. Medikamenturik ere ez dutela dio.
Gaur gaurkoz, ofizialki, 200.000 pertsonako kanpamentuan 25 kasu positibo daudela diote iturri ofizialek, baina sahararrena oso gizarte soziala dela azpimarratu du Labeidek, eta birusa erraz kutsa daitekeela: “Kalkuluak egin ditugu, eta saharar bakoitza egunean 10 pertsona baino gehiagogaz erlazionatzen da. Oso gizarte soziala eta lagunkoia gara. Horren arabera, bakoitza egunean 10 pertsonagaz badago, koronabirusa erraz heda daiteke”.
“Osasun materialen eskasia oso handia da errefuxiatuen kanpalekuetan”
Halaber, PCR proben emaitzak jasotzeko astebete baino gehiago itxaron behar dutela kontatu du: “Testak egiten dira, baina emaitzak ezagutzeko milaka kilometrotara bidaltzen dituzte probak, han aztertu, eta gero berriro erantzunak bidaltzeko». Emaitzak ezagutzeko denbora horretan, etxean geratu behar dira kutsatuak, baina herritarrak ere «ez daudela egoeraz kontzientziaturik” dio, eta hori “ere arriskutsua” dela.
Egoera politikoa
Egoera horren aurrean, osasun materiala eskatzeaz gain, Espainiari “neurriak hartzeko eta sahararren deiei erantzuteko” eskatu diote, “Saharako potentzia administratzailea izaten jarraitzen duelako”. Labeiden hitzetan, Marokok 1975an inbaditu zuen Mendebaldeko Sahara, “Espainiak bere hitza bete ez zuelako”, eta ordutik erbestean bizi dira saharar asko eta asko, 45 urte luzez, basamortuen basamortuan, abandonatuta. “Gaur egun Sahara ez da librea, ez zaiolako aukera hori eman. 1982an kolonizatu gintuzten merkataritza hobetzen lagunduko gintuztela esanez, eta 1984an, Hagako auzitegian ofizialki”.
Gerrak 1975tik 1991ra bitartean iraun zuen. 1991ko irailaren 6an, Fronte Polisarioak eta potentzia inbaditzaileak, hau da, Marokok, su-etena sinatu zuten Segurtasun Kontseiluak eta Afrikako Batasunak egindako konponketa plana onartzeko. Ordutik, saharar herriak zain jarraitzen du, nazioarteko komuni-
tateak eta Segurtasun Kontseiluak “beren promesak betetzea” itxaroten, “autodeterminazio eskubidea erreferendum aske, bidezko eta garden baten bidez gauzatu ahal izateko”.
Lau dira ordutik kanpamentuetan bizi diren belaunaldiak. “Sahararrak basamortuan bizi dira, narrasti eta abereekin batera”, dio Labeidek. Aljeriako hego mendebaldean altxatu zituzten kanpalekuetan bizi dira, hain zuzen. Haien lurraldea da Afrikako azken kolonia. “Belaunaldi osoek Sagia El Hamra bandera urrezko haranaren gainetik hegan egiten ikustea amesten dute”, adierazi du Gernikan bizi den saharar gazteak.
Bitartean, baina, daukaten errealitatea gordina da, eta pandemiak euren herria “sarraskitu” dezakeela uste dute taldeko kideek: “Osasun materialen eskasia handia da, eta badakigu pandemiak suntsitu gaitzakeela. Sarraskitu gaitzake. Izan ere, bertan dauden gehienak hirugarren adinekoak, haurdun daudenak eta gaztetxoak dira. Medio gutxiko jendea da. Han ez dago lehen eta hirugarren mailako gizarte sozialik. Ahal dutenek bidaiatu egiten dute, kanpoan lan egiteko eta kanpamentuetan dagoen familiari laguntzeko”.
Izan ere, herritarrek laguntza humaritarioa heltzen delako “bizirauten” dutela dio Labeidek. Eta, aurten, koronabirusak sortutako egoeragaz, mugak itxi egin dituzte, eta ez zaie laguntzarik heldu. Muga horien gainetik salto egin, eta Juventud Activa Saharaui sortu zuten uztailaren 27an, Gernika-Lumon. “Ez genuen gure herria galtzerik gura. Gure herritarrak bizirauteko lan egin behar dugu, libreak izan arte. Hori da helburua”.
Astran jaio zen proiektua, Saharako errealitatea ezagutarazteko prestatu zuten hitzaldiaren ostean: “Hitzaldira 1975etik Saharako gerran borrokan egon zen Venezuelako bat etorri zen, eta handik sortu zen proiektua. Zerbait egin behar genuela pentsatzen hasi ginen, eta proiektuak abian jarri genituen”.
Lehenenengo hiru ziren taldean, eta gero, 30. Gaur gaurkoz, 147 inguru dira, eta beste 30 ere laguntzeko prest daudela diote. “Mundu guztiko herritarrek osatzen dute gure taldea”.
Karabanak geldi
Asko eta asko dira laguntzeko prest dauden herritarrak, eta horren adibide dira Europatik Saharara bidaiatzen duten karabanak. Urtean bi doaz saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, bata otsailean eta bestea urrian. Otsaileko karabana, baina, Alacanten dago oraindik. “Herriari ez zaio janaririk heldu iazko urritik. Herrian goseteak igaro dituzte, umeak elikatu gabe daude. osasun langileak material barik, defentsak baxu, immunitate sistema oso ahul, eta ura amaitzen hasi da. Bizitza osoan doakoa izan den zerbait saltzen hasi dira. Egoera hori da”.
Aljeriak lagundu diela onartu du, urte osoan bi hegazkin bidali dituelako osasun materialagaz beteta, eta horri esker dituztela dituzten maskarak esan du: “Eurei esker, Ramadanean janaria izan dute errefuxiatuek”.
Baina mugak “arin” zabaltzea espero dute, 300 ibilgailu baino gehiago daudelako geldi Alacanten, osasun material eta janariz beteta. “Beharrezkoa da horiek bidaltzea. Dena heldu behar da”.
Horrela, eurek ere bilketak egiten hasi zuten proiektua, geldirik dagoen karabana horretara euren lortutakoa gehitzeko eta bidaltzeko asmoz. Osasun materialaren bilketagaz hasi dira, birusetik babestea “ezinbestekoa” delako eta horretarako materiala behar delako. “Kanpainak euren protokoloa jarraitu behar dute, baina guk saltatu egin ditugu denak”, dio Labaidek, horrela prozesuak azkartu dituztela esanez.
Gernikan eta Bermeon egin dituzte bilketak, eta “pozik” daudela onartu du Labeidek: “Oso pozik gaude herritarren erantzunagaz”. Gernikan Zaintza Sareagaz, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeagaz, Gernika Gogoratuzegaz eta Ideasurregaz elkarlanean abiatu zuten proiektua. Besteren artean, 2.000 maskara baino gehiago, 1.482 eskularru, 100 paracetamol kaxa, gel hidroalkoholikoaren 40 poto lortu dituzte.
“Oporrak Bakean proiektuak ume izateko aukera da saharar haurrentzat”
Bermeon Besalde eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeekin egin zuten bilketa. Bertan ere, asko izan ziren bildutako produktuak; besteak beste, 5.918 maskara, 6.600 eskularru, 72 litro gel eta 199 paracetamol kaxa.
Bilketak eskualdean egiteaz gain, Asturiasen, Bartzelonan, Sevillan, Madrilen… egin dituzte. Baita Ingalaterran ere. Belgican eta Kuban proiektua finkatzen ari da.
Bilketa horietan parte hartu duten herritar guztiei euren esker ona adierazi gura diete antolatzaileek, eta bildutako horiek karabanara gehitu gura dituztela adierazi dute.
Horretarako, trailerra behar dute, eta hori bilatzeko lanetan ari dira: “Osasun materialaren 9.100 kilo ditugu bilduta, ez zaigu asko falta trailerra betetzeko”. Idatziak egin dituzte, eta garraio enpresetara bidali, baten bat lortzeko asmoagaz. “Gure helburua gure trailerra karabana honegaz ateratzea da”.
Bilketez aparte, beste hainbat proiektu burutu dituzte dagoenerako: osasun langileek osatzen dute aplikazioa, esaterako. Horrek kanpalekuetako herritarrak eta osasun langileak kontaktuan jartzen ditu bideodeiz. “Osasun sanitarioa eskaintzeko plataforma da, kontsultetarako. Plataforman mundu osoko 147 osasun langile baino gehiago daude, eta horien helburua da kanpalekuetako herritarrei diagnostikoa eta jarraipena egin ahal izatea”.
Udan etorri barik
Laguntza humanitarioa ez zaie iritsi Aljeriako errefuxiatuen kanpalekura, baina handik ere ezin izan dira Euskal Herrira etorri saharar umeak. Oporrak Bakean proiektua bertan behera geratu zen, koronabirusak eraginda. Hala, ezin izan ziren saharar haurrak etorri. Euskal Herrian urtero 350 saharar ume hartzen dira uda sasoian. Programa burutu ezin izan denez, haurren etxeetara ez da ailegatu bertoko herrietatik itzultzean bete-bebeta eraman ohi dituzten maletarik ere.
Ondo ezagutzen du programa Labeidek, berak ere programa horretan parte hartu zuelako. “Horrelako programak esperantza suposatzen dute”. Euskal Herrira datozenean ezagutzen ez duten errealitatea existitzen dela ikusten dutela dio, eta hori “ume izateko aukera” dela uste du: “Izan ere, umeek kanpalekuetan ez dute baloiagaz edo bizikletagaz jolasten, ez dutelako horrelakorik. Ez dituzte zapatak janzten. Dena da berdina han. Etxeak marroiak dira, baita lurra ere. Ez du euririk egiten, bero handia egiten du. Ez dago eguneroko dutxarik, eta janaria dagoena da”. Irteteko aukera daukatenek “beste mundu bat” ezagutzen dutela dio: “Txoriak, arbolak, hondartzak ikustea ikaragarria da. Dena da berria: autoak, iturriak, bideak… ez gaude errealitate honetara egokituta. Oso desberdina da. Esperantza dagoela, eta bestelako bizitza bat bizi daitekeela ikusten dute. Bueltatzean, opariekin doaz, eta euren familian banatzen dituzte. Denentzat da. Heldu bihurtzen dira”.
Gaur egun, baina, gero eta familia gutxiagok hartzen dituztela umeak dio Labeidek: “Aukerak murrizten doaz, gero eta familia gutxiago daude prest haurrak hartzeko”. Eta berarentzako “esperientzia bikaina” izan zela onartu du, programa horren bitartez Espainian geratzea eta ikastea lortu zuelako: “Familia oso ona egokitu zitzaidan, eta asko lagundu zidaten ikasten. Hilabetean herritarrekin hitz egiteko gai nintzen, eta nik ikastearen aldeko apustua egin zuten, bertan geratzea lortu arte. Gero, nomada bezala ibili naiz, lan egin ahal izan dugun lekuetara joan gara”.
Aurten ez dute horretarako aukerarik izan. “Ondo dago ez etorri izana koronabirusa zegoelako, baina min egiten du”, aitortu du Labeidek. Izan ere, hona etortzeak esperantza izatea suposatzen die: “Gainera, maletak beteta eramatea oztopatu dute. Aurten bizirautea da esperantza. Familia horietako askok plataforma bat sortu dute, janaria erosteko dirua bidaliz eta aukera horiek emanez”. Sahararrei elkartasuna adieraztea “beharrezkoa” da, eta elkartasun keinuak ez dira falta.