Parkeko jolasgunea berriztuko du Gautegiz Arteagako Udalak
Parte hartze prozesu baten bitartez, parkeko jolasgunearen itxura aukeratu dute dagoenerako herritarrek.
Gautegiz Arteagako udalak parkeko jolastokia berriztuko du, eta jolasgunearen diseinua aukeratzeko aukera eman die herritarrei. Dagoenerako zehaztu dute diseinua eta lanekin hasteko prest daude.
Parkea “nahikoa zaharkituta” zegoelako erabaki dutela hori ordezkatzea azaldu du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak: “Parkean zegoen jolastokia egurrezkoa zen, eta zaharkituta zegoen. Eguzkiak eta euriak asko ematen die parkeko jolasei, eta arin hondatzen dira”. Urteak pasatu ahala horiek ordezkatzen joan diren arren, dena aldatzeko unea dela deritzo Naberanek: “Beharrezkoa zen. Izan ere, herritarrek ere hori eskatzen ziguten”.
Hori horrela, alkateak adierazi duenez, udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zion jolasgunea berritzeko diru laguntza, eta aldundiak hura onartu zuen. Aukera aprobetxatuta, bi diseinu prestatu zituzten, “biak ala biak herritarren beharrizanei egokitutakoak”. Bi diseinu horrek publiko egin zituzten, eta parte hartze prozesua jarri zuten abian, “herritarren iritzia jasotzeko”. Izan ere, eurak direla parkearen erabiltzaleak.
Parte hartze prozesua. Uztailaren amaieratik abuztura bitartean, bietatik gustukoen zutena aukeratu ahal izan zuten herritarrek, eta bien artean, boto gehien eskuratu zituen A aukerak; botoen %65agaz gailendu da. Botoak zenbatzeaz gain, ekarpenak jaso dituzte, eta horiek kontutan hartuta aldaketa “txiki” batzuk egingo dituzte diseinuan, baina aukeratutakoa errespetatuko da.
Gautegiz Arteagako bizilagunen parte hartzea ez dela “oso handia” izan esan du alkateak, baina parte hartu dutenak jolasgunearen erabiltzaileak direla zehaztu du: “Erantzun handirik ez du izan parte hartze prozesuak, baina parte hartu duten herritarrak umeak dituzten familiak izan dira. 10 urtetik beherako gazteak dituztenak hain zuzen”.
Espazio berriztu hori zaharra zegoen lekuan eraikiko dute, eta dagoenerako obraren esleipena eginda dagoela jakinarazi du Naberanek. Hori horrela, eta “aurreikuspenak aurreikuspen”, urriaren amaierarako edo azaroaren hasierarako obra bukatuta egotea espero du alkateak: “Bi hilabetetan prest egotea espero dugu, baina ezin dugu data zehatzik eman, obrak atzeratu daitezkeelako”. Gaur gaurkoz, enpresaren gain dago ardura. Parkeko jolasak erosi eta horiek instalatu behar ditu.