Iazko bisitarien %41 jaso du Bakearen Museoak aurtengo udan
7.692 bisitariren babesa jaso dute ekainetik abuztu bukaerara bitartean. Iaz, 18.717 izan ziren bisitariak, aurten baino %59 gehiago, baina bisitarien erantzuna "oso onargarria" izan dela esan dute.
Ekainaren 1ean ireki zituen ateak museoak, eta uda honetan bisitarien erantzuna “oso onargarria” izan dela esan dute Gernika-Lumoko Bakearen Museoko ordezkariek. Izan ere, edukieragatik izan dituzten murrizketa guztiak kontuan hartuta, 7.692 bisitariren babesa jaso dute ekainetik abuztu bukaerara bitartean. Iaz, 18.717 izan ziren bisitariak, aurten baino %59 gehiago.
Abuztuan izan dituzte bisitari gehien, 4.566 hain zuzen. Uztailean, berriz, 2.759 pertsonak bisitatu zuten museoa, eta ekainean 367k.
Horrenbeste bisitari jasotzearen arrazoietako bat museoa egunero zabalik mantentzea izan dela diote arduradunek. Gainera, erakusketa iraunkorrera zein aldi baterakora joateko bisita libreak egin dituzte: “Bisita libreak eskaintzearen alde egin dugu, baita kalean 9 pertsonako bisita gidatuak ematearen aldeko apustua ere. Horrek oso harrera ona izan du mundu guztiarentzat hain ezohikoa den uda honetan”.
Kalean egindako bisita gidatuek “oso harrera ona” izan dutela diote, lau ibilbide ezberdinetan: Babesleku antiaereoak, Picasso eta Gernika, Monumentuak eta biktimak, eta Gernikako berreraikuntza. Egunean bederatzi bisita egin ahal izan dituzte, eta guztira, 1.765 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Hain zuzen, 30 bisita antolatu zituzten ekainean, 97 bisita uztailean eta 102 abuztuan.
Jakinarazi dutenez, museoak bisita gidatu berezia egin nahi zuen Matxitxakora eta Burdin Hesira irailaren amaieran, baina talde bakoitzeko bisitari-kopuruaren murrizketak direla-eta, 2021eko udaberira atzeratzea erabaki dute, “balduntza hobeetan eskaini ahal izateko itxaropenagaz”.
Udazkena, ekitaldiz beteta. Urrian ekitaldiz beteko dute museoa, Bakearen Museoak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko baitu. Hain zuzen, Errepublikako eskoletatik gerraostekoetarar: Gernika-Lumoko kasua izenburupean bisita gidatu bereziak egingo dituzte. Euskarazko eta gaztelaniazko 20 bisita gidatu baino gehiago eskainiko dituzte bederatzi egunetan, Gernika-Lumoko eskolen historia eta ondarea ezagutzeko aukera eskainiz.
Udazkenari begira, Gernikako Bakearen Museoak egunero eskaintzen dituen zerbitzu guztiak eskaintzen jarraituko du, “giro seguru eta lasaian”, ordutegi zabal batean.