Mundakako alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dute
Erabakia hartzea "zaila" izan bada ere, Mundakako EAJren udal taldeak zentsura mozioa aurkeztea erabaki du, "herritarren hobe beharrez".
Mundakako Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) udal taldeak gaur jakitera eman duenez, Mundakako alkate Mikel Bilbao Ruizen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dute.
Bere taldetik kanporatzeko erabakia hartu dutela esan diote goizean Bilbaori; ondorioz, bere aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dute.
Erabakia hartzea “zaila” izan dela aitortu dute. Hala ere, herritarren hobe beharrez hartu dutela aipatu dute. “Gaur egungo alkatearen eta EAJren udal taldeko gainerako kideen arteko desadostasunak izan dira abiapuntua“, azaldu dute ohar batean.
Hemendik aurrera aurreikusten dituzten hilabete “latzei” begira, “eta dagoeneko hasi dituzten proiektu eta jarduerak kontuan hartuta”, talde jeltzaleak uste du “hau dela adostasunean oinarritutako proiektua lideratzeko momentua, kohesionatuta eta batera arituko den taldearekin, Mundakarentzat eta mundakarrentzat ahalik eta etorkizunik onena bermatzera begira”.
Taldearekiko harremanak “nahiko narriatuta dauden arren”, Mundakako EAJren udal taldeak Bilbaori eskertu gura dio 2019an hautagaitza jeltzalea onartzean hartutako konpromisoa.
Jeltzaleek oharrean diotenez, Bilbaok 2019ko ekainean agintaldia hasi zuenetik beraren eta Mundakako udal talde jeltzalea osatzen duten bost zinegotzien arteko harremana okertuz joan da, “eta bereziki COVID-19aren pandemiak baldintzatu duen aldi honetan”. EAJkoen ustez, egoera honek nabarmen zaildu du “Mundakako herritarrek merezi duten udal kudeaketa ona egitea”.
Mundakako EAJk “erantzukizunez” jardun duela uste dute: “Erantzukizuna erakutsi gura dugu herritarrekin eta Mundakako etorkizunarekin ere”.
Datozen egunetan, hortaz, zentsura mozioa aurkeztuko dutela iragarri dute: “Alderdikidea ez denez (2019ko hauteskundeetan zerrendako buru independente modura aurkeztu zen), ezin zaio aplikatu EAJren barne araudian halako kasuetarako aurreikusten diren neurriak. Udal mailan, hortaz, zentsura mozioaren bidez baino ezin da egin”.