Loreak Mallona alkate ohiaren omenez
Aurten, Mallona alkate ohia gogoan izateaz gain, beste errepresio bide batzuk erabilita zigortu zituzten gainontzeko herritarrak ere gogoan izan dituzte.
Mundakako Oroimenaren Lekua ekimenak Mundakako alkate jeltzalea izan zen Alejandro Mallona Iza omendu zuen zapatu eguerdian. Hain zuzen ere, alkatearen omenez eraikitako Mallona parkeko oroitarriaren aurrean bildu ziren hainbat herritar. Oroitarriaren gainean ikurriña jarri, txistu doinuak entzun eta lore eskaintza egin zuten.
Francoren tropek Bizkaia hartzean, 1937. urtean, atxilotu eta heriotza zigorra ezarri zioten Mallonari. Urte bereko irailaren 5ean fusilatu zuten falangistek.
Aurten, Mallona alkate ohia gogoan izateaz gain, beste errepresio bide batzuk erabilita zigortu zituzten gainontzeko herritarrak ere gogoan izan dituzte. Mundakako memoria historikoa berreskuratzeko lanak egiten ari den Mundakako Oroimenaren Lekua ekimenak errepresioa bizi zuten herritarren izen-abizenak bildu ditu eta ekitaldian aipatu zituzten:
- Hildakoak: Tomas Egileor eta Antonia Garatea.
- Betiko errepresioa: Victor Gorostiza, Benjamin Etxebarrioste, Felisa Arana, Teresa Mallona, Teodoro Giralda, Maria Dolores Sanz, Pilar Urrengoetxea eta Margarita Bollegin.
- 12 urte eta egun bat: Presentacion Olarra, Juana Egileor, Presentacion Mallona Olarra, Benito Lizarraga, Aurora Kareaga eta Amalia Etxeita.
- 6 urte eta egun bat: Francisca Etxebarria Anasagasti, Mercedes Amollabeitia, Kasilda Cabo Izagirre eta Karmen Mendezola.
2021eko irailera begira, “ahal duten heinean”, gainontzeko herritar horietan guztietan sakontzeko asmoa agertu dute.
Mundakako Oroimenaren Lekua ekimeneko ordezkariek esan zutenez “bere burua hobeto eratzeko, asmoak herritarrei jakinarazteko, eta azkenik, horien baliabideak eta ikerketen emaitzak herritarren eskuetara iristeko” prozesuan sartuta dabiltza.
Mundakako Udalari gonbidapena egin zioten datorren urtera begira elkartu eta omenaldia batera egiteko. Izan ere, udaleko ordezkariak leku berean batu ziren Mallonari lore eskaintza egiteko, Mundakako Oroimenaren Lekua ekimenak ekitaldia egin baino lehen.