Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu du hirugarrenez
Urkulluk kargua hartu eta gero Jaurlaritzako osaera jakinarazi zuen. Lehendakariorde bik eta hamaika sailburuk osatuko dute Jaurlaritza, sei gizonek eta bost emakumek.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu du Iñigo Urkulluk, hirugarrenez. Zapatuan, Gernikako arbolaren azpian zin eginda hartu zuen aginte makila Eusko Alderdi Jeltzaleko buruak. Aurrenekoz, eta COVID-19ak baldintzatuta, ez zuen sinbolo hori jaso legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriaren eskuetatik, “kontaktua eragozteko”.
Ohi legez, Jose Antonio Agirre lehen lehendakariak erabilitako esaldian oinarritutako formula erabiliz zin egin zuen Urkulluk: “Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko lur gainean zutik eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit”. Aurreko bi aldietan modura, oraingoan ere, “Jaungoikoaren aurrean apalik” esan ordez, “apal-apalik jaungoikoaren eta gizartearen aurrean” adierazpena erabili du.
Lehendakariaren zina egiteko eta kargua jabetzeko ekitaldira agintari ugari bertaratu ziren, eta horien artean zeuden jarduneko Eusko Jaurlaritza, Patxi Lopez lehendakaria, eta euskal erakundeetako, EUDELeko, alderdi politikoetako, judikaturako eta eragile sozialetako ordezkariak. Era berean, bertan izan dira Maria Chivite Nafarroako Erkidegoko lehendakaria, Unai Ugaldea Nafarroako Parlamentuaren presientea edo Fernando Grande Marlaska Espainiako Gobernuko Segurtasun Ministroa.
Lehendakariorde bi, eta hamaika sail. Iñigo Urkulluk karguaren zina egin eta gero jakinarazi zuen gobernuaren osaera. Sailburuek bihar hartuko dute kargua, lehen gobernu kontseilua egin aurretik.
Aldaketak pertsonetan zein sailen banaketan egon dira. Lehendakariorde bik eta hamaika sailburuk osatuko dute Jaurlaritza, sei gizonek eta bost emakumek. EAJren eta PSEren artean banatuko dituzte sailak, izan ere, jeltzaleek horietako zortzi izango dituzte, eta sozialistek hiru.
Lehendakariak lehendakariordearen figura berreskuratu du, eta bi lehendakariorde izendatu ditu: Josu Erkoreka izango da lehen lehendariordea, eta Idoia Mendia bigarrena. Lehen lehendakariordetzarekin batera, Segurtasun Sailaren ardura ere izango du bermeotarrak, Estefania Beltran de Herediaren tokia hartuta. Mendia, berriz, bigarren lehendakariordetza izateaz gain, Lan eta Enplegu sailburua ere izango da.
Bost dira Jaurlaritza osatuko duten sailburu berriak. Idoia Mendiaz gain, Gotzone Sagardui (Osasun saila), Jokin Bildarratz (Hezkuntza saila), Olatz Garamendi (Gobernantza eta Autogobernu saila) eta Javier Hurtado (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila) dira sailburu berriak. Hori horrela, gobernua utziko dute Cristina Uriartek, Jose Antonio Retortillok, Estefania Beltran de Herediak, Nekane Murgak eta Maria Jesus San Josek.
Erkorekak gobernuko bozeramaile izateari utziko dio legealdi berrian, eta haren tokia hartuko du Bingen Zupiriak, orain arte Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu izandakoak. Legealdi honetan ere departamentu berbera kudeatuko du Zupiriak. Gobernantza eta Autogobernu sailaren ardura ere izan du azken lau urteotan Erkorekak, baina sail hori Olatz Garamendik kudeatuko du orain.
Hezkuntza eta Osasun sailak gatazkatsuenak izan dira azkenaldian, eta sail bi horietan aldaketak egin ditu Urkulluk, sailburuak aldatuta. Jokin Bildarratzek hartu du Cristina Uriarteren kargua Hezkuntzan, eta Gotzone Sagardui izango da Nekane Murgaren tokia hartuko duena Osasun Sailean.
Beatriz Artolazabal izango da Berdintasuna, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua. Aurreko legegintzaldian izandako kargua mantendu eta ardura handiagoa izango du. Izan ere, sail horren esku geratuko dira Emakunde eta memoria eta bizikidetzako gaiak, orain arte gobernuaren osaketan egon direnak.
Sailak eta sailburuak:
- Iñigo Urkullu. Lehendakaria.
- Josu Erkoreka. Lehen lehendakariordea. Segurtasuna.
- Idoia Mendia. Bigarren lehendakariordea. Enplegua eta Lana.
- Bingen Zupiria. Bozeramailea. Kultura eta Hizkuntza politika
- Jokin Bildarraitz. Hezkuntza.
- Gotzone Sagardui. Osasuna.
- Pedro Azpiazu. Ogasuna eta Ekonomia.
- Beatriz Artolazabal. Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politika.
- Olatz Garamendi. Gobernantza eta Autogobernua.
- Arantxa Tapia. Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena.
- Javier Hurtado. Turismoa, Komertzioa eta Kontsumoa.
- Iñaki Arriola. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak.