Hondarribiaren abisua
Kontxako banderaren lehen jardunaldian Bermeo Urdaibai bosgarren sailkatu da, Hondarribia azkarrenarengandik 29 segundo eta 70 ehunenera. Iazko txapeldunak ia zortzi segundoko errenta atera dio Zierbenari. Emakumezkoetan, berriz, Orio eta Donostiarraren artean 2,22 segundoko alde estua dago.
Gizonezkoetan zein emakumezkoetan Kontxako egungo txapeldunak izan dira 1. jardunaldian onenak, Hondarribia eta Orio. Horiez gain, itsasoko baldintzak ere protagonistak izan ziren. Itsaso nahasia eta 10 km/orduko ufadak izan zituzten arraunlariek. Brankaz eta popariaz alde handia egon zen.
20 minutu eta 17 segundotan estropada burututa, Bermeo Urdaibai bosgarren sailkatu zen atzo. Hondarribia lehenengoarengandik 29 segundo eta 70 ehunenera sailkatu zen talde bermeotarra.
19 minutu, 47 segundo eta 30 ehunen markatu zituen Hondarribiak atzo, eta Zierbena zazpi segundo eta 92 ehunenera geratu zen. Lehen txandako azkarrena izan zen Santurtziri, berriz, 19 segundo eta 36 ehuneneko aldea atera zion Hondarribiak.
Santurtzi, Bermeo Urdaibai, Donostiarra eta Zarautz atera ziren lehen txandan. Ziabogan bi segundoko alde estua atera zion Soterak Bou Bizkaiari, eta amaieran, 10 segundo eta 34 ehunenera sailkatu zen Bermeoko taldea.
Bigarren txanda ikusgarriagoa izan zen. Orio indartsu hasi zen, eta Zierbenak eta Hondarribiak eutsi egin zioten. Lehen zortzi bat minutuetan segundo bakarreko tartean egon ziren hirurak. Ziabogan ere Hondarribia eta Zierbena parean sartu ziren (10:27), eta Orio segundo batera. Gero, Zierbenak eman zuen kolpea, ontzi bat Hondarribiari aterata, eta bi Oriori. Hor geratu ziren atzean oriotarrak. 14. minutua erabakigarria izan zen, Hondarribiak ez zion Zierbenari bere kalean sartzen utzi. Epailea ere tartean sartu zen.
Sailkapena:
- 1.- Hondarribia: 19:47.30
- 2.- Zierbena: 19:55.22 (+07.92)
- 3.- Santurtzi: 20:06.66 (+19.36)
- 4.- Orio: 20:10.84 (+23.54)
- 5.- Bermeo Urdaibai: 20:17.00 (+29.70)
- 6.- Donostiarra: 20:18.30 (+31.00)
- 7.- Cabo: 20:38.30 (+51.00)
- 8.- Zarautz: 20:57.54 (+1:10.24)
Nesketan Orio. Emakumezkoetan ere Orio iazko txapelduna izan zen azkarrena, 11:10.26 denboragaz. Baina, gizonezkoetan baino alde estuagaz. 2,22 segundoko aldea atera zion Donostiarra bigarren sailkatuari. Norgehiagoka polita eduki zuten bi taldeek. Bigarren eta hirugarren kaleetan, pare-parean burutu zuten estropada. Donostiarrak hiru segundo atera zizkion lehen luzean, baina ziabogan galdu zuen aldea, eta handik aurrera, Oriok hartu zuen estropada burua. Momentu batean, sei segundoko aldea ere eduki zuen Oriok, baina etxeko taldeak ez zuen etsi, eta atzetik aurrera etorrita tartea murriztu zuen. Azken metroak emozioz beterikoak izan ziren.
Lehen txandan Donostia Arraun Lagunak izan zen azkarrena, eta Tolosaldeak hiru segundo eta 94 ehunenera amaitu zuen.
Sailkapena:
- 1.- Orio: 11:10.26
- 2.- Donostiarra: 11:12.48 (+02.22)
- 3.- Donostia Arraun Lagunak: 11:23.86 (+13.60)
- 4.- Tolosaldea: 11:27.80 (+17.54)
- 5.- Hondarribia: 11:28.60 (+18.34)
- 6.- Hibaika: 11:31.52 (+21.26)
- 7.- Zumaia: 11:39.82 (+29.56)
- 8.- San Juan: 11:51.14 (+40.88)