Euskal Kopa Gernika-Lumora
Lointek Gernika Bizkaiak 50-43 mendean hartu du IDK Euskotren Euskal Koparen finalean. Hala, aurreko hiru urteetan txapeldunorde geratu izanaren arantza kendu du talde gernikarrak. Asteburu honetan Superkopa lehiatuko du Bilbon.
Euskal Koparen titulua irabaziz hasi du denboraldia Lointek Gernika Bizkaiak. Azken hiru urteetan finalean aurkari izan duen Araski finaletik kanpo utzi zuen IDK Euskotrenek, eta haren kontra 50-43 nagusitu zen talde gernikarra, zapatuan, Durangoko Landako kiroldegian.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak adierazi zuen titulua orain arteko lanaren saria dela, eta Euskal Kopatik atera dituzten irakasgaiak aitatu zituen: “Denboraldiaren une honetan, argi izan behar dugu zertan ari garen lanean, eta zer prestatzen ari garen. Taldean gehiago jokatu behar dugu, eta atzean Euskal Kopan izan garenak baino gogorragoak izan, eta baita barne-jokoan ere”.
Lointekeko Nogaye Lo izan zen finaleko MVP-a, eta esan zuzenez, partiduz partidu hobetzen saiatzen ari dira: “Hiru partidu bakarrik jokatu ditugu, eta espero genuena baino gehiago kostatzen ari zaigu, baina uste dut aurrerapausoak ematen ari garela. Ez dakigu nora heldu gintezkeen, baina beti gaude gora begira”.
Emozioz beteriko finala izan zen. 4-0 aurreratu zen talde gipuzkoarra, baina talde gernikarrak ez zuen arazorik izan partiduan sartzeko, eta 6-7 jarri zen aurretik. Lehen laurdenak martxa hartzeko balio izan zien bi taldeei. Lointekeko Laura Corneliusen hirukoari esker, puntu bakarreko aldeagaz sartu ziren bigarren laurdenean (17-16). Erritmoa hartuz joan zen partidua. Bi taldeek ez zuten espekulaziorik gura. IDK Euskotrenek saskiratzerakoan egindako hainbat huts egiteak aprobetxatu zituen talde granateak (19-25). Azu Muguruzak hutsartea eskatu zuen, eta haren aginduei esker, Lointekekoen jokoa apur bat geratzen asmatu zuten IDK-koek. Horrela, berriro ere aurrea hartu zuten (25-27), baina, ez luzerako. 25-31ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia.
Bigarren zatiaren hasierako jokaldietan Lointeken defentsa lanak sendo jarraitu zuen, eta ondorioz, IDK zazpi minutuz punturik lortu barik egon zen. Donostiako taldeak ez zuen amore emateko asmorik, eta atzeko lana indartu zuen, aurkarien jokoa oztopatzeko. Hala ere, Lointekekoek aurkariak gainditzen asmatu zuten, eta esaterako, partiduaren 26. minutuan hamar puntuko aldeagaz zeuden (27-37). Gero, 7-2ko partzialari esker aldea murriztu zuten IDKkoek, eta bost puntuko aldeagaz sartu ziren azken laurdenera (34-39). Azken txanpan huts egite nahikoa egin zituzten bi taldeek.
Superkopa. Asteburuko helburua lortuta, aste honetan Superkopa jokatuko dute. Lointek Gernika Bizkaiak finalerdietan Valencia gainditu beharko du zapatuan finalera heltzeko. Batez ere “ondo lehiatu eta itxura ona” eman behar dutela dio Lopezek: “Argi dago Valencia ez dela aurreko denboraldiko taldea, eta Avenidagaz eta Gironagaz goian egongo dela uste dut. Ea hazten jarraitzen dugun; doikuntza batzuk egingo ditugu, gauza batzuk aldatu, eta espero dugu aldaketa horiek hazten segitzeko balio izatea”