Akuarela lehiaketa egingo dute hilaren 19an
Guztira bi sari emango dituzte. Margolanik onenak 1.200 euroko saria hartuko du, eta bigarren saridunak 800 eurokoa.
Euskal Herria Museoak hartuko duen akuarela erakusketari hasiera emateko, Euskal Akuarelarien Elkarteak akuarela lehiaketa bat antolatu du. Irailaren 19an egingo dute, 10:00etatik 14:00etara. Artistek lan egiteko gune zehatzak izango dituzte: Euskal Herria Museoko lorategia, Europako Herrialdeen parkea, Pasealekua eta Picasso plaza.
Gernika 2020 Juan de Arostegi y Barbierreko akuarela lehiaketan adinez nagusia den edonork parte hartu dezake. 10:00etan hasiko da lehiaketa eta 14:00etarako aurkeztu beharko dira lanak, Euskal Herria museoan.
Paperaren gaineko akuarelaren teknika erabili beharko da, 1mX1m tamainakoa gehienez, eta margolanak momentuan margotu behar dira.
Bost laguneko epaimahaiak erabakiko du zein den lanik onena. Guztira bi sari emango dituzte. Margolanik onenak 1.200 euroko saria hartuko du, eta bigarren saridunak 800 eurokoa. Gainera, Arte Mirandaren eskutik, akuarela-materiala dituzten 4 accesit ere banatuko dituzte.
Sari banaketa egunean bertan egingo dute, 18:00etan, Euskal Herria museoan, eta saritutako bi lanak Euskal Akuarelarien Elkartearen esku geratuko dira.