Masters Caixabank txapelketaren Gautegiz Arteagako partidurako sarrerak salgai daude
13. jardunaldiaren barruan, Olaizola II-Zabaleta eta Jaka-Albisu bikotek irailaren 11an [barikua] jokatuko dute Gautegiz Arteagako pilotalekuan. Sarrerak aurresalmentan eskuratu ahal dira Egala Tabernan eta Herriko Tabernan eta Baikoren webgunean.
Masters Caixabank txapelketaren 13. jardunaldiaren partidu bat hartuko du Gautegiz Arteagako pilotalekuak, irailaren 11an [barikua]. Olaizola II-Zabaleta eta Jaka-Albisu bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago.
Sarrerak aurresalmentan eskuratu ahal dira 20 eurotan, Egala Tabernan eta Herriko Tabernan, eta www.baikopilota.eus web orrialdean. Leihatilan, ostera, 25 eurotan egongo dira. Gautegiz Arteagako udal ordezkariek jakinarazi dutenez, partidua telebistaz ikusteko aukera ere egongo da.
Gautegiz Arteagako frontoira hurreratzen direnek, lau partiduz gozatu ahalko dute. Izan ere, neurketa nagusi horren aurretik, bigarren mailakoak ariko dira: Agirre-Bikuña eta Peña II-Ibai Zabala. Hala, bertoko afizionatuen bi partidugaz hasiko da pilota jaialdia, 18:15etatik aurrera.
Hiru jardunaldi. Masters Caixabank txapelketaren kanporaketa fasea bukatzeko hiru jardunaldi geratzen zaizkie. Gaur gaurkoz, zazpi puntugaz Olaizola II eta Zabaleta hirugaren daude, Altuna III eta Imaz bigarrenekin berdinduta. Hamar puntu dituzte Artola eta Rezusta sailkapen buruek. Jaka eta Albistu, berriz, seigarren postuan daude, bost puntugaz, Ezkurdia eta Arangurenengandik puntu bakarrera.