Lesboseko umeek jolasteko Marimokoak
Zaporeak proiektuak Greziako Lesbos irlan egin duen eskolako umeentzako panpinak heldu dira helmugara; guztira 270 Marimoko josi dituzte
Galtzerdi zaharrak erabili dituzte Gernika-Lumoko Iratxe Gonzalez Bengoak eta Idoia Foruria Goikoetxeak Lesboseko umeentzako jolasak egiteko. Laguntza izan dute, eta lagun bati laguntzeko asmoz ekin diote konfinamendu sasoian Marimokoak josteari. Panpinak dira, galtzerdi zaharrekin egindako panpin bereziak, eta kuxin zaharrak erabili dituzte forma emateko.
Itxuragatik ez ezik, ekimenak duen garrantziagatik ere badira bereziak Marimokoak. Izan ere, Zaporeak proiektuak Lesbosen egindako eskolako umeen egunerokotasuna hobetzeko egin dituzte. Gonzalez eta Foruriaren lagun bat hasi zen Marimokoak josten: Maider Yabar. Youtuben ikusi zuen panpin horiek egiteko tutoriala, eta hari bururatu zitzaion panpinak Lesbosera bidali zitzakeela. Gonzalezek eta Foruriak azaldu dutenez,«bere aita gida turiskoa da, eta abuztuan Lesbosera bidaiatzekoa zen, Zaporeak poriektuarekin. Hasiera batean, eskolako umeentzako 20 bat panpina bidaltzea zen Maiderren asmoa. Hala ere, Marimokoak bidaltzekotan gutxienez 200 bidali beharko lituzkeela esan zioten».
Erronka horri heldu eta laguntzeko zalantzarik ez zuten egin bi gernikarrek. «Facebooketik deialdia egin genuen, jende gehiago batzeko, eta sei laguneko taldea sortu dugu: hiru gipuzkoar, Madrileko bat eta gu biok».
Guztira 270 Marimoko. Duela hiru aste atera zen kamioira Lesbosera bidean, eta dagoeneko heldu dela jakin dute asteon. «Azkenean, guztira, 270 Marimoko egin genituen». Hilabete oso bat behar izan dute panpin horiek guztiak egiteko, eta borondatez egin duten lana da, «altruista». Hala ere, umeak panpinekin jolasten ari diren argazkiren bat ikusteak pozgarria izango litzateke haientzat.
Josten ez dakite, baina gustura egiten duten lana da: «ikasten joan gara». Orain, Marimoko gehiago egitea ere badute buruan. «Etiopian umezurtz-etxe batean lan egiten duen lagun bat daukagu, eta gurekin josten aritu den beste batek Palestinan du kontaktu bat. Batera edo bestera bidaltzeko panpinak egitea ari gara pentsatzen», azaldu dute.