Aurtengo andramarietan zapiak eta mahonak gordetzeko deia egin dute
Ez da Andra Mari eta Santa Eufemia jairik egongo. Irailaren 7tik 16ra eta irailaren 19an, Bermeoko Udalak neurri zorrotzak hartuko ditu egoera kontrolatzeko.
Aurten ez, aurten ez da Andra Mari eta Santa Eufemia jairik ospatuko. Bermeoko udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak, Bostale ostalarien elkartea, Berton merkatarien elkartea eta herriko Jai Batzordeko ordezkariak mezu hori zabaltzeko batu dira gaur goizean. Denen artean adostutako adierazpena irakurri dute. Hala, aurten, zapiak eta mahonak gordetzea tokatzen dela aipatu dute.
Herritarrei eta herriko establezimenduei arduraz jokatzeko eskatu diete gaurko agerraldian, eta gogorarazi dute indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak “zorrotz” bete behar direla, “guztion osasuna baitago jokoan”. Bestalde, herriko ostalaritza establezimenduei jai girorik ez bultzatzeko eskatu diete. “Ez dugu arazoa konpondu gura, arazoa saihestu baino”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Jakitera eman dutenez, udal gobernuko ordezkariek ostalaritza establezimenduekin bilerak izan dituzte asteon, “kolaborazioa eskaini eta eskatzeko”. Bilerak “oso positiboak” izan direla esan du alkateak: “ostalariek elkarlanerako erabateko jarrera adierazi dute, bide honetan denak batera goazelako”.
Irailaren 7tik 16ra eta irailaren 19an, Bermeoko Udalak, gainera, neurri zorrotzak hartuko ditu egoera kontrolatzeko. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, elkarlanean, indarrean dauden osasun neurriak behar bezala betetzen direla baieztatuko dute. Hori lortu aldera, udaltzaingoaren zerbitzuak indartuko dituzte, eta kalean presentzia eta kontrola handituko dituzte.
Jaietako liburua bai. Udalak, hala ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuagaz aurrera egitea erabaki du; aipatu liburuak herriko negozioen iragarkiak eta Bermeorekin lotutako istoriak jasotzen dituelako. Liburua “berezia” dela diote, ez da jaietako egitaraurik egongo. Horren ordez, jairik ez ospatzeko deia eta bizi dugun egoerari aurre egiteko neurriak betetzeko mezuak biltzen ditu.
Bihartik aurrera eskuratu daiteke liburua 50 zentimogatik; Gizarte eta Kultura Etxean eta Turismo Bulegoan aurki daitezke.