Alejandro Mallona alkate ohia omenduko dute zapatuan
Ohitura denez, alkatearen omenez eraikitako Mallona parkeko oroitarriaren aurrean bilduko dira 12:00etan.
Mundakako Oroimenaren Lekua ekimenak Mundakako alkate jeltzalea izan zen Alejandro Mallona Iza omentzeko ekitaldia antolatu du zapaturako, eta lore eskaintza ere egingo dute.
Ohitura denez, alkatearen omenez eraikitako Mallona parkeko oroitarriaren aurrean bilduko dira 12:00etan. Herritarrak deitu dituzte ekitaldian parte hartzera, eta eguneko edozein ordutan loreak eroateko deia ere egin dute.
1878ko otsailaren 2an jaio zen Alejandro Mallona Iza. Francoren tropek Bizkaia hartzean, 1937. urtean, atxilotu eta heriotza zigorra ezarri zioten. Urte bereko irailaren 5ean fusilatu zuten falangistek. Egun berean ehortzi zuten, baina 1949. urtean beste hilobi batera eraman zuten haren gorpua. 1987an Mundakako hilerrira lekualdatu zuten.
“Mingarriena eta ankerrena gure herrian legezko alkateari faxistek eman zioten heriotza izan bazen ere, aurten, okupatzaileek beste errepresio bide batzuk erabilita zigortu zituzten gainontzeko herritarrak ere gogoan izan gura ditugu”, esan dute Mundakako Oroimenaren Lekua ekimenekoek. 2021eko irailera begira, gainera, “ahal den heinean”, gainontzeko herritar horietan sakontzeko asmoa agertu dute.
Jakitera eman dutenez, Mundakako Oroimenaren Lekua ekimena “bere burua hobeto eratzeko, asmoak herritarrei jakinarazteko, eta azkenik, horien baliabideak eta ikerketen emaitzak herritarren eskuetara iristeko” prozesuan sartuta dabil.