Oinezkoentzako bide berria zabaldu dute Toña inguruan
Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi ederra eskaintzen duen pasealekua egin du Espainiako Estatuko Administrazio Orokorraren menpe dagoen Kosta Mugapeak.
Paisaia ikusgarria daukan oinezkoentzako bide berria erabilgarri dago Sukarrietan, Toña hondartzaren inguruan, hain zuzen. Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi ederra eskaintzen du pasealeku berriak. Espainiako Estatuko Administrazio Orokorraren menpe dagoen Kosta Mugapea arduratu da lanak egiteaz. Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzatik jakitera eman dutenez, 130.000 euroko aurrekontuagaz egin dituzte Sukarrietako lanak.
Toña hondartzaren sarreran dagoen trenbide pasagunetik hasten da 165 metroko luzera daukan pasealekua, eta mugikortasun urria daukaten pertsonentzako egokitutako bidea da.
Azaldu dutenez, lanok Espainiako Estatuko Administrazio Orokorrak finantzatu eta gauzatu dituen arren, “ez ziren posible izango Toña hondartzaren ondoan dagoen lursailaren jabearen kolaborazioa barik; bidea egiteko beharrezkoa zuten lursaila emateko prest egon baita”.
Urdaibaiko Patronatuaren gomendioak jarraituta, zoladura iragazkorra erabili dute pasealekua egiteko, eta bi metroko zabalera dauka. Argiztapena, gainera, “baxua” da; LED motako balizak erabili dituzte. Hala, diotenez, argi kutsadura eragin barik “lasai ibili daiteke”.
Gogorarazi dutenez, joan den urteko abenduan Espainiako Estatuko Administrazio Orokorra hondaratuta edo hondaratzeko gertu zeuden ontziak kendu zituen Portuondoko pantalanetatik. Hamabi ontzi kendu zituztela diote, eta horiek guztiak identifikatu ostean isunak jarri zizkieten jabeei, “posible izan zen kasuetan”.