Naturaren edertasuna erakusten
Andoni Bastarrikak Busturiko Ekoetxea Urdaibain jarritako artelanak azaroaren 1era arte egongo dira ikusgai, eta doan bisita daiteke erakusketa
Andoni Bastarrika azpeitiarrak material desberdinekin egindako hogei lan inguru ikusgai jarri dituzte Busturiko Ekoetxea Urdaibain. Jatorria izena ipini dio erakusketari, bere lanaren funtsaren erakusgarri; hain zuzen ere, natururaren edertasuna erakustea du helburu.
Bastarrikaren lehenengo erakusketa da. Dioenez, aukera handia da “bide berriak aztertzeko eta ate berriak zabaltzeko”.
Bastarrikaren lana ezagutu gura dutenek azaroaren 1era arte izango dute aukera; doan bisita daiteke erakusketa.
Erakusketaren izenburuak nondik gatozen adierazten duela dio: “Uste dut jatorria ezinbestekoa dela planetagaz eta naturagaz etorkizun bat sortzeko harmonian egotea”.
Aldaketak erakusketan. Hamabostean behin bisitatzen du Ekoetxea Urdaibaiko erakusketa Bastarrikak, eta harez egindako artelanak aldatzen ditu. Erakusketak ateak ireki zituenean otso gris bat eta iguana bat egon ziren ikusgai; egunotan, hala eta guztiz ere, eta Bastarrikaren bisita berrira arte, hondarrez egindako txakur bat eta dortoka bat ikusi daitezke.
Bere lanetako asko harez egiten dituen arren, naturan jasotako beste material batzuekin ere lan egiten du. Hala, zizelkatutako zurez edota margotutako harrizko piezak ere ikusgai jarri ditu azpeitiarrak. Gainera, erakusketa artistak egindako beste hainbeste lanen argazki bildumagaz osatuta dago.
Autodidakta da Bastarrika, eta duela hamar urte hasi zen harez egindako eskulturak sortzen. “Hareak sartu ninduen arte sorkuntzan. Hala eta guztiz ere, gaur egun, beste material batzuk ere lantzen ditut, beti ere, naturako elementu eta biztanleekin elkarreraginean. Land Art-a gustatzen zait”, dio.
Bere lanen bitartez ingurune naturalek daukaten garrantzia eta bere kontserbazioaren garrantzia transmititu gura duela dio, eta bere kabuz hitz egiten duten obren bidez bideratzen du mezua.
Jatorria izenburuaren indarra aldarrikatu gura du: «Pertsona eta artista modura mundu kontziente eta jasangarriagoa sortzeko gizakiok daukagun aukera bakarra iruditzen zait».