Lointek Gernika Bizkaiak Euskal Kopa jokatuko du asteon
Talde gernikarrak Tarbes Gespe Bigorreren kontra jokatuko du finalaurrekoa, eguenean [irailak 3], 20:00etatik aurrera.
Emakumeen Euskal Kopa jokatuko dute aste honetan Durangoko Landako Kiroldegian, “osasun segurtasun neurriak zorrotz beteta”.
Lointek Gernika Bizkaiak Tarbes Gespe Bigorre izango du aurkari finalaurrekoan etzi [irailak 3], 20:00etatik aurrera. Beste finalaurrekoa IDK Euskotren eta Kutxabank Araskiren kontrakoa izango da, 16:30ean.
Finala zapatuan [irailak 5] jokatuko dute 12:00etatik aurrera, eta Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua, berriz, 18:00etan hasiko da.
“Emakumezkoen Endesa Ligako hiru euskal taldeez gain, Tarbes gonbidatu dugu. Horrela, lehenengoz Frantziako talde batek parte hartuko du Euskal Kolan”, azaldu dute Euskal Saskibaloi federazioaren ordezkariek.
Egueneko partiduak ateak itxita lehiatuko dituzte, eta ESFren Youtubeko kanaletik ikusi ahalko dira. Finala, berriz, publikoagaz lehiatuko dute; 291 ikusleko muga daukate. Doako sarrerak ipini dituzte, baina aldez aurretik erreserbatu behar dira. “Etxe berekoek bina sarrera hartu ahalko dituzte, eta online bidezko erreserba eguen 22:00etatik bariku 15:00ak arte egongo da. Barikuan 15:00etatik aurrera erreserbatu ahalko dira bakarkako sarrerak”.
Lagunartekoa. Bestalde, azken hilabete luzeen ostean, eliteko saskibaloia heldu zen aurreko asteburuan Malostera. Lointek Gernika Bizkaiak Perfumerias Avenidaren kontra jokatu zuen denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa, ateak itxita, zapatu arratsaldean. 69-87 galdu zuen talde gernikarrak.