Azken astean 165 kasu positibo zenbatu dituzte Gernika-Lumon
Uztailaren 21etik gaur arte, COVID-19aren 165 kasu positibo atzeman dituzte udalerrian; atzo 19 izan ziren zenbatutakoak. Busturialdean, Gernika-Lumoko kasuez gain, beste sei kasu positibo atzeman zituzten atzo.
Azken asteetan PCR probak egiten dabiltza Gernikan. Hasieran PCR probak egiteko deialdia abuztuaren 14tik 17ra jai guneetan ibilitako pertsonentzat egin bazuten ere, azken astean herritar guztiei probak egitera joateko gomendioa egin die alkateak. Izan ere, Jose Mari Gorroñok astelehenean adierazi zuen herrian “transmisio komunitarioa” egon zitekeela; azken egunetan atzemandako hainbat positiboak ez dutela elkarren artean loturarik esan zuen. Horregatik, herritarrei PCR probak egiteko gomendioa egin zien.
Hain zuzen, uztailaren 21etik gaur arte, COVID-19aren 165 kasu positibo atzeman dituzte udalerrian; atzo 19 izan ziren zenbatutako kasu positiboak. PCR probak asteburuan ere egingo dituzte Gernika-Lumon.
Laguntza sarea. Gernikako zaintza sareak elkar zaintzeko dei orokorra egin du: “Herritarrak gara, bizilagunak. Gure arteko zaintza eta errespetua ezinbestekoa da. Horregatik, arduraz jokatzeko eta neurriak errespetatzeko deia luzatu nahi dugu”. Halaber, herritarrek laguntzarik behar izanez gero, eurekin kontaktuan jar daitezkeela azpimarratu dute: “Egoera honetan kutsatuta egotea ez da batere samurra eta ekarri ditzakeen ondorio fisiko, psikologiko eta sozialei aurre egiteko indar guztia bidali nahi dizuegu. Zerbaitekin laguntzarik behar baduzue (erosketak, laguntza emozionala…) jarri gurekin kontaktuan eta gure esku dagoena egingo dugu”.
Elkartasun eta animo mezuak helarazi dizkiete osasun langileei: “Momentu hauetan, zoritxarrez, elkartasuna eta animoak nahikoak ez direla badakigu: denon osasuna zaintzeko baliabideak behar dira eta inoiz baino ageriago dago dugun osasun sistema gainezka dagoela”. Horregatik, euren esku dagoen guztian laguntzeko prestutasuna agertu dute.
Arduradun politikoei ardura eskatu diete osasun arduradunek zabaltzen duten mezua aldatu eta nahasmena ez sortzeko: “Ardura osoa herritarrengan kokatzea ez da bidezkoa. Azpimarratu nahi dugu elkarri erruak banatzen ibiltzeak, elkar epaitzeak edo zurrumurruak zabaltzeak ez gaituela inora eramaten: elkarbizitza nahi dugu herrian eta harremanak kaltetu besterik ez ditu egiten. Ardura indibiduala eta kolektiboa uztartzea beharrezkoa da”.
Hori horrela, herritarren kolektibo desberdinekin bildu (nagusiak, gurasoak, umeak, osasun arloko arduradunak, ikastetxeak, kultur arlokoak, ostalariak, komertzianteak…) eta denon artean neurri bereziak adosteko garaia dela uste dute. “Egoera berezi honek behar dituen irizpide konkretuak adostea beharrezkoa da denon artean aurrera egin nahi badugu. Santuei babesa eskatzea ez da nahikoa”.
Sei kasu berri eskualdean. Busturialdean, Gernika-Lumoko kasuez gain, beste sei kasu positibo atzeman zituzten atzo. Hain zuzen, kasu bakarra zenbatu zuten Bermeon, Ean, Foruan, Kortezubin, Mendatan eta Muxikan.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 9.176 PCR proba egin ziren atzo, eta horietatik 764 izan ziren positiboak. Lurraldeen arabera, Bizkaian zenbatu zituzten COVID-19 kasu gehien, 432 hain zuzen. 225 Araban eta 94 Araban.
Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 54 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 32 pertsona daude ZIUn.