Osasun krisiaren ondorioak apaltzeko eta "norabide berri bati" ekiteko plana aurkeztu du Gernikako EH Bilduk
Bost neurri sortetan oinarritutako proposamena da, kultura, zaintza, hezkuntza, tokiko ekonomia eta udal kontuak aintzat hartzen dituena.
Gernika-Lumoko EH Bilduk osasun krisi eta krisi ekonomikoaren ondorioak eta “sistemaren gabeziak” apaltzeko plana aurkeztu du. Bost neurri sortetan oinarritutako proposamena da, kultura, zaintza, hezkuntza, tokiko ekonomia eta udal kontuak aintzat hartzen dituena: “Guztiok batera ekiteko ordua da, inor atzean ez uztekoa, neurri ausartak eta aurrerakoiak emateko ordua da. Herriaren aurrean eredugarri izatekoa”.
Bizitzak erdigunean jarriko dituen eta inor atzean utziko ez duen plana daukatela azaldu dute. “Instituzio publikoak herritarren eskuetan ipiniko dituena, guztion lehentasunak argi izango dituena”, azaldu dute koalizio abertzaleren ordezkariek. Planaren jatorria azken hileotako krisi sanitarioan dagoela adierazi dute, eta egoerak “agerian utzi duela arazoa estrukturala” dela salatu dute: “Konponbideak ere hala behar du izan”.
Hala, neurri sorta bat osatu dute, eta arloz arloko proposamen zehatzak plazaratzen joango direla diote, “gero udaletxean aurkezteko eta horiek ezartzea adosteko”.
Neurriak. Kultura plazara ateratzeko beharra azpimarratu dute EH Bildukoek, kultura “bizipoza” eta aktibitate ekonomikoa delako, eta biak zaindu behar direlako: “Aurrez aurreko emanaldiak eta ekimen kulturalak etenda, gure antzokiak, plazak eta kaleak basamortu bihurtu dira, eta sortzaile, teknikari eta kulturaren industriako langileen biziraupena kolokan daude”.
Bizitzak erdigunean jarri gura dituzte, guztien osasuna, zaintza eta babes soziala bermatzeko. Hala, osasun eta gizarte zerbitzuen sistema publikoa indartzeko premia dagoela uste dute. “Bizi dugun krisi soziosanitarioak agerian utzi ditu zaintza ereduaren ahuleziak eta hutsuneak; gizartean lehendik zeuden desberdintasunak areagotu baino ez dira egin”, gaineratu dute.
Hezkuntzan ere, pausoak eman behar direla aldarrikatu dute: “Ikastegiak hustu eta hezkuntza etxetik jaso behar izanak erakutsi digu desberdintasun sozioekonomikoek leuntzeko hezkuntza sistemak duen ardura. Ikas materiala, baliabide informatikoak, euskara eta jantokia bermatuta izan behar dute ikasle guztiek, eredu presentzial zein telematikoan”.
Gainera, pandemiak hankaz gora utzi dituela kontu publikoak esanda, “herritarren beharrizanak” izan behar direla kontu horien lehentasuna diote koalizio abertzalekoek: “Lehengo aurreikuspenek ez dute dagoenerako balio. Beharrizanak aldatu dira, eta lehentasunak berriro definitu behar ditugu”.
Tokiko ekonomiari erreparatuz, “berton bertokoa” kontsumitzearen alde egingo dute. “Merkataritza, ostalaritza eta bestelako ekintza profesionalek herria bizirik mantentzen dute, lanpostuak sortzeaz gain, herria saretzen laguntzen dutelako”, adierazi dute, eta pandemiak egoera zailean utzi dituela gaineratu. Hala, haiek babestea eta herriko jarduera ekonomikoa bultzatzea tokiko erakundeen lehentasunak izan behar direla nabarmendu dute.