Angie Bjorklund estatubatuarrak talde gernikarreko partaide izateko gogotsu dagoela adierazi du “taldeari buruz adierazpen onak besterik ez dituelako entzun”. Emakumezkoen Ligan jokatu nahi izan duela-eta Lointek Gernika Bizkaiaren aukera hau, “eskaintza ukaezina eta ezinhobea” dela nabarmendu du, gainera, Eurocup lehiatuko dutela. Datorren denboraldiari begira, hegalekoak bere desirak oso argi ditu: “Ikusi dudanarengatik taldea oso ona daukagu, talde guztien aurka lehiatzeko modukoa. Baina oso gogor lan egin beharko dugu emaitza bikainak lortzeko”.
Mario Lopezek Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzailearen iritziz, Bjorklund “jaurtitzaile bikaina” da era askotan puntuak lortu ahal dituelako, tiro azkarren bidez, erasoko erreboteen ondoren edo sistemen bitartez: “Hiruko lerrotik zitala da, eta egin ditugun gainontzeko fitxaketekin mehatxu oso handia izango gara urrutiko jaurtiketetan. Gainera, esperientzia eta izaera handiko jokalaria da eta oso lagungarria izango da. Defentsan hegaleko oso adimentsua eta eskuzabala da laguntzak egin behar dituenean”.
Italiatik Euskal Herrira. Bjorklund Fila San Martino Di Lupari talde italiarretik dator erasoan dituen bere dohai denak erakusteko prest, batez ere urrutiko jaurtiketa. Estatubatuarra Tennesseko unibertsitatean aritu zen; 2008an NCAAko txapelduna izan zen eta Lady Volsetako historian hiruko gehien sartutako errekorra dauka 300 hirukorekin. Horri esker, 2011an Bjorklund WNBA-ren Draftean bigarren txandako 17. posizioan hautatu zuen Chicago Sky taldeak. Urte berean Israelera egin zuen jauzi bere ibilbide profesionaleko lehen pausuak emanez Elitzur Netanya taldearen eskutik. Ondoren, Frantziako talde askotan aritu zen, Perpignan Basketen eta Tarbesen, besteak beste. Gerto, Villeneuve Dascq ESB Lille Metropolera heldu zen Euroliga jokatzera , non bataz beste 9,1 puntu, 2,8 errebote eta 1,1 asistentzia lortu zituen.
Aurreko denboraldian, LEGAko izarretako bat izan zen Fila San Martino Di Luparin, bataz beste 16,4 puntu, 4,1 errebote eta 3,1 asistentzia eskuratu zituen 31 minututan. Zenbaki horiei esker, Bjorklund liga italiarreko bosteko onenean sartu zen hegaleko onena izanik. “Hegalekoa jaurtitzaile petoa” dela azpimarratu dute klubaren arduradunek: “Iaz LEGAn %47,3-ko portzentaia eskuratu zuen 6,75m-ko lerrotik, 112 hirukotik 53 sartuz. Bere dohairik nagusiena erasoan puntuak sartzeko erreztasuna da, taldearen mesedetan jokoaren gainontzeko atalak alde batera utzi gabe”.
11 jokalari. Angie Bjorklunden fitxaketarekin Lointek Gernika Bizkaiak 11 jokalari ditu 2020/2021 denboraldirako. Laura Cornelius eta Itziar Ariztimuño antolatzaileak; Roso Buch, Milica Ivanovic eta Marta Alberdi eskoltak; Angie Bjorklund eta Belen Arrojo hegalekoak; Margaret Roundtree eta Paula Ginzo hegal-pibotak; azkenik, Nadia Colhado eta Nogaye Lo pibotak.