Abuztuaren hasierako udako jaiak bertan behera uztea erabaki dute Sukarrietan
Udal arduradunek iragarri dutenez, kutsatze fokorik ez sortzeko hartu dute erabakia. Herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatu die.
Maietz Pasku, San Juan jaia eta Euskal Jaia bertan behera utzi ondoren, Sukarrietako Udalak abuztuaren hasierako udako jaiak ere bertan behera uzteko erabakia hartu du.
Azaldu dutenez, kutsatze fokuak sortzeko edozein arrisku saihestu gura dute: “Hartutako neurria guztiz beharrezkoa da Sukarrietako bizilagunak eta bisitariak arriskuan ez jartzeko”. Erabakia “zaila” izan dela diote, eta aipatu dutenez, Jai Batzordeagaz adostua izan da “herriaren onerako”.
Herritarrei erantzukizunez jokatzeko deia egin die: “Ez dauka zentzurik jaiak bertan behera uztea, baldin eta aldi berean eta gomendioen aurka, afariak, bilerak edo ekintza desberdinak antolatzen badira. Horiekin, guztien osasuna arriskuan jartzen da”.