Muxikako bidegorria prest dago
Elizalde eta Kurtzero batzen ditu kilometro bateko bidegorriak, eta erabiltzeko prest dago dagoenerako. Herritarrak Kurtzeron batzeko elkargune bat sortzea bilatu dute. Orain, Astelarra eta Kurtzero batu gura dituzte udal arduradunek.
Elizalde eta Kurtzero lotzen dituen bidegorria prest dago erabiltzeko. Abenduan hasi ziren obrak, eta dagoenerako bukatu dute kilometro bateko tartea. Proiektua Muxikako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gauzatu dute elkarlanean.
Hurrengo fasea argiteria jartzean datza, “bide segurtasuna hobetzeko”. Eta hori datorren urtean egitea aurrikusi dutela zehaztu du Jon Basterretxea Muxikako Udaleko hirigintzako zinegotziak: “Bidegorriaren tarte batzuk nahiko ilunak dira, eta horietan farolak jartzea pentsatu dugu. Argiteriaren instalazioa eginda dago, baina kaleko argiak jartzea falta da. Aurrekontua begiztatzen eta laguntzak eskatzen gabiltza”.
Bidegorria egitearen proiektua aurreko agintaldian hasi zela zehaztu Basterretxeak: “Proiektua aspaldikoa da, sinadura bilketak askotan egin dira, baita beste ekintza batzuk ere”. Behin gauzatuta, bidegorriagaz herriko beste ibilbide batzuk batu dituztela diote. “Elizaldetik San Romaneko buelta egiten zuten askok, eta orain Kurtzeroraino seguru joan daitezke, lehen bazterbidetik joaten zirelako. Arriskutsua zen”, dio Begoña Enbeita alkateak.
Bidegorriak, gainera, erreka ondotik joateko bidea zaharragaz ere lotura dauka. “Basoko bide bat dago, eta hori garbitu eta gero, aukera dago zirkuitu bat egiteko eta erreka hegaletik berriro kurtzerora bueltatzeko”, azaldu du Roke Ojanguren udaleko zinegotziak.
Dagoenerako jende askok erabiltzen duela diote, baita bukatu aurretik ere: “Auzo honetakoak aurrera eta atzera dabiltza. Jendea pozik dago, umeak eta nagusiak dabiltza”.
Muxikan herritarrak batzeko elkargune bat sortu gura dutelako egin dute bidegorria, inguruko auzoetako jendea Kurtzeron batzeko: “Herriaren zentroa da Kurtzero, biztanle dentsitate handiena bertan dagoelako”. Horretarako auzo guztien arteko mugikortasuna sustatu gura dute.
Hurrengo pausoa. Muxikan beharrezkoa dela autoa erabiltzea diote, bazterbidetik ibiltzea ez dela segurua esanez. “Helmugak gertu egon arren, ez diegu umeei oinez joaten uzten ezta Zubieta Errotara edota Farmaziara. Kotxea behar da denetarako, bidebazterrak oso txikiak direlako eta trafiko asko dagoelako”.
Bidegorriagaz, oinezkoen bide segurtasuna hobetu gura izan dute, eta kotxeak gutxiago erabiltzea sustatu. “Paseo bat emanda alde batetik bestera joateko aukera izatea ahalbidetu dugu. Eta hori apurka apurka herri danetara zabaltzea da asmoa, Gorozika edota Ibarruri lotuz”.
Hurrengo pausoa, baina, Astelarra eta Zabale Kurtzerogaz lotzea da. Lehenengo fasean Astelarran espaloi bat egin gura dute, eta Bilboranzko norabidean eskumako aldetik. Zebrabide bat eta semaforo bat jartzea ere aurreikusi dute. Horregaz aurten hastea aurreikusi dute. Bigarren fasean Astelarratik Kurtzerora arteko tartea egingo dute, erreka ondotik: “Arazo handia daukagu Inamako zubiagaz. Bertan ezin dugu ezer egin, eta ordezko bide bat aurkitu dute han, antzinako oinezkoen bidea”. Handik batuko dituzte Astelarra eta Kurtzero.