Jairik gabeko Madalen jaiak
Goizean bota du teila Bermeoko alkateak, herriko mugak berresteko. 09:00ak aldera atera dira Izaro uhartera.
Jairik ez da egongo gaur, Madalen Egunean. Bermeok, hala ere, bere mugak berretsi ditu eta Izaro irlaren jabetza aldarrikatu du. Protokolozko ekitaldi “xumea” izango zela esan zuen Bermeoko alkate Aritz Abaroak, eta hala egin dute gaurkoan.
09:00ak aldera atera dira Bermeoko portutik. Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikineko teila jaurti du gaur uretara Abaroak. Koronabirusaren garai honetan, “sinbolismoz betetako” teila dela zioen joan den astean alkateak: “Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikinaren teila bat aukeratu dugu gizarte zerbitzuetan lan egiten duten langileei omenaldi xumea egiteko. Izan ere, gizarte zerbitzuen garrantzia eta lehenengo lerroan lan egiten duten pertsonen jarduna goraipatu gura da ekintza honen bitartez”.
Bermeoko portutik Izaro uhartera eta handik Bermeora buelta egin dute. Gaur ez da Madalen Eguneko jairik egongo, ez Bermeon, ez Elantxoben ezta Mundakan ere. Deialdi bateratua egin dute Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako alkateek, “gaurkoan jairik ez dela egongo” esateko.
Elantxobe eta Mundakako portuak zarratuta daude, bertakoek baino ezingo dute sartu. Elantxoben, gainera, portuaz gain, udalerrirako sarrera guztiak ere zarratuta daude. Garraio publikirik ere ez da iritsiko gaurkoan Elantxobera.