Esther Korta Gabiolak Natxitua, Ea eta Bedaronako migratzaileen historia bildu du
Bedaronatik Ameriketara joandakoei buruzko 'Ameriketara' liburua idatzi zuen orain dela lau urte, eta 'Ameriketara eta...' liburua kaleratuko du abuztuan.
Australiara, AEBtara, Filipinetara, Guineara… munduko txoko askotara joandako herritarren historia eta istorioak jaso ditu Esther Korta Gabiolak Ameriketara eta… liburuan.
Eako diasporaren gaineko bigarren liburua da. Izan ere, Bedaronatik Ameriketara joandakoei buruzko Ameriketara liburua kaleratu zuen 2016an, eta oraingoa, berriz, 1.880 ingurutik 70eko hamarkadara arte Eatik, Natxituatik eta Bedaronatik joandakoei buruzko argitalpena da. Horien biografiekin eta argazkiekin osatu du liburua, batik bat.
Hiru urte eta erdiko lanaren emaitza da honakoa: “Hemendik joandako jende asko dago, pentsatzen nuen jende gutxiago izango zirela. Etxerik etxe ibili naiz informazioa batzen; hemen bizi direnekin eta joan eta itzuli ez direnekin berba egin dut, euren bizipenak edota euren senitartekoenak jasotzeko. Esaterako, Ean marinoak ziren asko eta han geratu ziren asko eta asko. Aurreko liburua bedarutarrei buruzkoa zen, baina oraingoan Bedaronatik joandakoen historia ere osatu dut, hango jende gehiagoren informazioa dago”.
1.000 orrialde pasatxoko liburu mardula osatu du, eta emaitzagaz pozik dago eta harrera ona edukitzea espero du: “COVIDagatik utzi egin nuen, eta jendea itxaroten egon da. Aurreko liburuagaz ikaratuta geratu nintzen. Bedaronakoei buruzko zen bakarrik, eta 300 aletik gora saltu ziren. Sei bakarrik geratzen zaizkit. Esaterako, AEBtan hunkituta hartu zuten. Liburua honengatik bost familia etorri ziren euren aurrekoen sustraiak ezagutzera, eta kasu batzuetan, hemengo familiak ere ezagutu zituzten”.
Abuztuaren 5etik aurrera salgai egongo du liburua. Eskuratu gura duenak Kortagaz harremanetan jarri beharko du 636 13 27 39 telefono zenbakira deituta edo bestela, abuztuaren 5, 7, 12, 14, 21 eta 28an udaletxean 12:30etik 14:00etara eskuratu ahalko da.