Dispertsioaren salaketa hondartzetara
Laidatxu, Laga, Laida eta Eako hondartzetara erongo dute aldarrikapena, abuztuaren 2an
Euskal presoak etxean eta bizirik nahi dituztela aldarrikatuko dute domeka honetan, Busturialdeko hondartzetan. Hain zuzen, Laidatxu, Laga, Laida eta Eako hondartzetara eroango dute aldarrikapena, dispertsioaren “zentzugabekeria” salatuz.
Etxerat elkarteak deituta, 12:00etan egingo dute elkarretaratzea Laga, Laida eta Laidatxun, eta 13:00etan Ean. Zehazki, Laidatxun eta Lagan hondartzan bertan bilduko dira; Laidan, kanpinaren aurrean egingo dute, eta Ean, frontoian izango da elkarretaratzea. Antolatzaileek gogoratu dute distantzia mantendu eta musukoa jantzi behar dela.
COVID-19 birusak bakartze politika bere “gordintasunik gogorrenean” erakutsi duela esan du Etxeratek, eta euskal presoen kartzelaratzeak “mendekuaren zigilua” daramala: “Etxean sano nahi eta behar ditugu gure seme-añaba, bikote, aita-ama eta lagunak”. Gaineratu dute, sakabanaketak ez duela ezer onik ekarri, “sufrimendua eta eskubideen urraketa besterik ez”.
Zalantza bat ere aireratu du Etxeratek: urteak direla borroka armatua amaitu dela, eta sakabanaketarekin amaitzeko zeren zain dauden galdegin dute. Zenbat eta urrunago, arriskua eta kaletak handiagoak direla salatu dute, eta presoen adinak goraka egin ahala, orokorrean, zaurgarriagoak direla.