Sollubeko mendizaleak Lana Harana eta Lokiz mendikatera doaz, domekan
Autobusean joango dira Gastiaineraino, eta 07:00etan jarri dute ordua udal azokako autobus geltokian. Aldez aurretik izena eman behar da.
Nafarroa aldera doaz domekan Sollube 707 mendizale taldekoak. Hain zuzen ere, Lana Harana eta Lokiz mendikatea bisitatuko dituzte. «Arnaba bailara zintzilikatua, Arnaba mendia, Otzamendi mendia eta Larreineta mendia zeharkatuko ditugu», dio Sabin Bilbaok Sollube 707 mendizale taldeko kideak.
17 kilometro eta 600 metro inguruko ibilbidea egingo dute domekan. “Merezi” duen ibilbidea dela dio Bilbaok, “ikuspegi zoragarriak baititu”.
Talde guztia elkarrekin joan beharko dute: “Bide estua da eta bide asko daudenez, arin galtzeko modukoa da. Ibilbidea, gainera, ez dago zuhaitzetan markatuta beste batzuetan egoten den modura, harrietan baino”. Ibilbidearen hasieran laban egiten duen harrikirrizko bidea dagoela-eta, bastoi bi eroatea gomendatzen dute.
Autobusean joango dira Gastiaineraino, eta 07:00etan jarri dute ordua udal azokako autobus geltokian. Domekako irteerara joan gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute 619 75 31 98 (Sabin) telefono zenbakira deituta.