Urdaibai Bird Centerrek arrano arrantzaleak behatzeko irteerak egingo ditu
Lau irtenaldi egingo dituzte abuztuan, eta parte-hartzea doakoa izango da.
Urdaibai Bird Centerrek arrano arrantzaleak behatzeko irtenaldiak egingo ditu aurten ere. Abuztuan, lau irtenaldi antolatu dituzte: hilaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, hain zuzen ere. Parte-hartzea doakoa izango da, baina aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa da.
Parte hartu gura dutenek, 94-625 51 57/699 839 202 telefono zenbakietara deitu dezakete. Covid 19ak eragindako pandemia dela eta, taldeak gehienez 10 pertsonarkoak izango dira. Irteera guztiak goizeko 10:00etan hasiko dira, Urdaibai Bird Centerren, eta bisitaldiek ordu bi eta erdiko iraupena izango dute.
Afrikatik bueltan. 2013 eta 2017. urteetan Eskoziatik ekarritako 60 arrano gazte askatu zituzten Urdaibain, Highland Wildlife Foundation taldeko adituek habi desberdinetatik ekarrita. Bertan, hegaztiak monitorizatu eta, ostean, askatu egin zituzten, Afrikarantz abiatzeko.
Abuztuan, Afrikatik bueltatutako arrano arrantzaleak behatzeko aukera emango du Bird Centerrek. Irtenaldiak Oka ibaiaren eskuinaldetik egingo dituzte, arrano arrantzaleak baldintza hoberenetan behatzeko aukera hobea dagoelako. Ibilbidean zehar, arranoak ikusteaz gain, hainbat alor jorratuko dituzte: paisaia, arranoen bizilekua eta espazioa partekatzen duten hegaztiak ere behatuko dira.