Heldu da lehenengoa
Aurtengo denboraldiko lehen bandera Orion irabazi du Urdaibaik. Sailkapen orokorrean laugarren postuan jarraitzen du talde bermeotarrak.
Seigarren jardunaldian lortu du aurtengo lehen bandera Urdaibaik. Azken hilabete luzeetako lanaren lehen saria atzo eskuratu zuten Bou Bizkaiakoek, Orion. Estropada bikaina burutu zuten, eta bandera gosez egoteaz gain, horiek lortzeko kemena badaukatela erakusten ari direla berretsi zuten.
Bigarren txandako Hondarribiaren denbora zeukaten erreferentziatzat ohorezko txandakoek, eta Urdaibaik bi segundo eta 35 ehunenetan gainditu zuen hura. Estriborrera jota, segundo batzuk galdu zituen hasieran, baina, berehala jarri zen estropada buruan. Bigarren luzerako pare-parean zeuden Urdaibai, Orio eta Santurtzi. Hondarribiaren denbora hobetu guran, hiru horien artean zegoen borroka.
Lanerdietan, zortzi segundo hobea zen Hondarribiak bigarren txandan egindako denbora. Ama Guadalupekoak bigarren txandatik bandera irabazteko aukera handiak zituela ematen zuen momentu horretan, baina azken bi luzeetan goitik behera aldatu zen estropada. Tadel bermeotarrak erakustaldia eman zuen, sekulako abiduragaz egin zituen azken bi luzeak. Hirugarren luzean beste bi ontziekiko abantaila hartzen hasi zen, eta azken ziabogan lau segundo atera zizkieten.
Bezperan, berriz, hirugarrena izan zen Urdaibai, Orioren eta Santurtziren atzetik. Oriok irabazi zuen Getxoko Estropaden 42. Ikurriña – J.A. Agirre Lehendakariaren XVI. Omenaldia. Ohorezko txandan, Oriok erakustaldia emanda eskuratu zuen bandera. Lehen paladetatik hartu zuen txandako branka, eta Santurtzi Eusko Label Ligako liderrak ziabogara arte erritmoari eutsi ahal izan zion arren, bigarren luzetik aurrera aldea handitzea lortu zuen Orioko taldeak. Azken luzean, Orio eta Santurtzi hartualdi batean izan ziren. Gipuzkoarren denbora 19:42.26koa izan zen eta bi segundo eta 36 segundora geratu zen Santurtzi. Urdaibaik liderraren erritmoari hiru luzetan eutsi arren, Oriorengandik sei segundo eta 54 ehunenera amaitu zuen estropada. Donostiarra ohorezko txandako laugarrena bosgarren postuan sailkatu zen estropadan.
Asteburuko emaitzen ostean, Iker Zabala bermeotarraren Santurtzik lidergoari eusten dio, 63 puntugaz, eta Orio bigarrenak 58 puntu ditu. Donostiarra da hirugarrena 55 puntugaz eta puntu bat gutxiago dauka Urdaibaik laugarrenak.
Patroi onenaren sailkapenean, Ondarroako Iñigo Larrinaga dago lehen postuan, 5 puntugaz, eta launa puntugaz daude Josu Barturen bermeotarra bigarren, eta Santurtziko Asier Zurinaga hirugarren.