Eguneko zentroak itxi eta udalekuak bertan behera utzi dituzte
Egoitzeko irteerak ere murriztu dituzte, eta ez dute baztertzen neurri berriak hartu behar izatea. COVID-19aren jarraipen-batzordearen bilera egin dute gaur arratsaldean.
COVID-19aren datuen bilakaera ikusita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren bilakaera murrizteko “beharrezko” neurriak hartu ditu.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zentro soziosanitarioetan neurriak hartu dituzte asteburuan. Hiru Foru Aldundiek, osasun-agintarien gomendioei jarraituz, zaharren egoitzetako egoiliarren irteerak murriztu egin dituzte. Egoiliarrak ezingo dira kalera atera, eta bisitan senide bakarra joan ahal izango da.
Era berean, eguneko zentroak eta udalekuak aldi baterako itxi dituzte. Aldundiek 2020ko Udalekuak programa bertan behera uztea erabaki dute, Eudelen bitartez. Izan ere, COVID-19ari aurre egiteko protokoloak ostatu hartze eta elikadurari dagokionez, ez omen dira bateragarriak udalekuekin. Gazte lokalak eta antzeko ezaugarriak dituzten lokalak ere itxita egon beharko dute.
Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak Arabako Batzar Nagusietan esan zuenez, osasun krisiarengatik martxan jarritako neurriekin ezinezkoa da 7 eta 13 urte arteko harrentzako programa honen “bizikidetza eta sozializazio helburuak lortzea”. Gainera, gogorarazi du protokoloek edukiera mugatzen dutela, bai instalazioetan bai garraioan, eta horrek “zalantzan jartzen du programaren interes orokorra, oso plaza gutxi eskaini” ahal izango zituztelako.
Neurri horiek prebentziozkoak dira, eta badaezpadakoak, “etorkizunean kutsatze gehiagorik ez egoteko”. Nekane Murga osasun sailburuak, gainera, Osakidetza abian jartzen ari den prebentzioko esku-hartzeak kontsultatzeko kanal ofizialak erabiltzeko dei egin du, “zurrumurruak ez zabaltzeko”.
Gaur, gainera, Covid-19ren jarraipen-batzordearen bilera egin dute, eta Iñigo Urkullu izan da bileraren buru. Bileraren ostean, Nekane Murga osasun sailburuak birusak “oso presente” jarraitzen duela adierazi du: “Egiaztatu dugu birusa ez dela desagertu, oso presente jarraitzen duela. Datozen egunetan hurbiletik jarraituko dugu egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera”.
Osasun sailburuak zaintza-sarearen lana nabarmendu du, eta gaineratu du azken astean zehar 6.443 PCR proba baino gehiago egin direla foku desberdinak arakatzeko. “Euskadi osasun-larrialditik atera zenean, etapa berri bati ekin genion, eta, dakizuenez, zaintza eta kasuen bilaketa aktiboa dira funtsezko zutabeak. Azken astean, 6443 PCR proba baino gehiago egin dira balizko fokuak arakatzeko egin diren populazio-baheketako programen barruan, eta 150 positibo identifikatu dira”, azaldu du. Batez ere, kurtso bukaerako ospakizunak aztertu dituzte, horietan egon baitira kutsatzeetako asko.
Hiru egunetan, bakarra. Eskualdeari dagokionez, azken hiru egunetan positibo bakarra antzeman dute Bermeon. Uztailaren 7tik gaur arte, hortaz, 10 dira koronabirusean positibo eman duten Bermeoko bizilagunak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu orokorrei dagokienez, 114 izan ziren atzo baieztatutako positiboak: 45 Bizkaian, 6 Araban eta 63 Gipuzkoan. Atzo gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 3.560 PCR proba egin zituztela azaldu dute.
Guzti horrek arrisku-egoera gisa identifikatutako egoerak mugatzea eskatzen duela adierazi du Murgak, eta horregatik hartu dituztela asteburuko neurriak adierazi du: “Azken egunetan transmisio hori saihesteko beharrezkoak izan diren neurriak hartu behar izan dira”. Hala ere, ez dute baztertzen, “datuen bilakaeraren arabera”, aisialdian dauden pertsonen taldeak murrizteko neurri berriak hartu behar izatea: “Datuak eskuan ditugula egingo dugu eta behar den unean”.