Beaskoetxea eta Lekerika nagusi, Unin
Gernikarrek bi set-ak irabazita jantzi dute Markina-Xemeingo Master Series-aren txapela. Konfiantzaz jokatuta, tantuz tantu euren handitasuna erakutsi zuten Hormaetxearen eta Lopezen kontra. Bigarren mailan, Antxon eta Zabala geratu dira txapeldun.
Denboraldi honetako Jai Alai World Tour zirkuituaren lehen txapelketa irabazi dute Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerika gernikarrek. Markina-Xemeingo Master Series-aren finala atzo arratsaldean lehiatu zuten Unin, eta Hormaetxearen eta Lopezen kontra nagusitasunez lortu zuten garaipena (15-8 eta 15-13).
Pilotaren Unibertsitatean 600 pertsona batu ziren ( baimenduta zegoen aforoa), giro ederrean ikuskizunaz gozatzeko gogoz, eta puntistek ez zieten hutsik egin. Alex Hormaetxea e Imanol Lopez ziren faboritoak, baina Diego Beaskoetxeak eta Unai Lekerikak euren aukeretan sinistu, eta dena emanda, garaipena eskuratu zuten. Partidu bikaina jokatu zuten, eta erakustaldia emanda, merezitako garaipena lortu zuten. Erkiagaren eta Aldazabalen kontrako finalaurrekoan, lehen set-a galdu ostean, gogor lan egin zuten finalerako txartela lortzeko, eta atzo konfiantzaz kantxaratuta, tantuz tantu euren handitasuna erakutsi zuten. Beaskoetxeak Markina-Xemeinen irabazten duen laugarren Master Series-a da; 2018an Irastorzagaz, 2017an Etxebagaz eat 2016an Amigorenagaz jantzi zuen txapela. Gainera, Unin jokatutako azken zortzi partiduak irabazi ditu gernikarrak. Hormaetxea bermeotarrak bere ohiko jokoa egin zuen, tantu ederrekin, baina Lopez zumaiarra ez zen betiko mailan aritu eta ez zuen jokatzen gozatu.
Gernikarrak kementsu hasi ziren, eta 4-0 aurrea hartu zuten. Apurka-apurka urdinak partiduan sartzen joan ziren, baina, gorriek pare bat puntuko abantailari eutsi zieten (4-2, 5-3, 6-4). Hormaetxea eta Lopez ondo ari ziren, tanto politak eginez, baina markagailua berdintzea ezinezkoa zitzailea zirudien. Nahi eta ezin. Beaskoetxeak eta Lekek ondo defendatu zuten errenta, eta elkar ondo ulertu eta hartu dutela agerian utzi zuten. 7-5etik aurrera zuloa ireki zuten.
Bigarren set-a Beaskoetxearen bi paretagaz hasi zen, baina Hormaetxea eta Lopez 1-4 aurreratu ziren markagailuan. Seinako berdinketara arte eutsi zuten urdinek, baina orduan gorriek markagailuari buelta eman eta amaierara arte aurretik mantendu ziren.
Bigarren mailakoa. Bestalde, bigarren mailako lehian, Berriatuko eskolako Antxon Alberdi etxebarritarrak eta Jon Zabala (Markina-Xemein) jantzi zuten txapela, Barandika (Gernika) eta Ibarluzea (Markina-Xemein) 30-21 mendean hartuta.