Maileguak postontzira
Udal liburutegiak maileguan hartutakoak uzteko zerbitzua ipini du herritarren eskura. Postontzia eguneko 24 orduetan erabili daiteke
Udal liburutegian hartutako maileguak uzteko, postontzia ipini dute kultur etxe aurrean. Hala, herritarrek edozein ordutan entregatu ditzakete liburuak, CDak, DVDak… Udal arduradunek aipatu dutenez, herritarrei kulturarekiko harremana errazteko eta irakurzaletasuna bultzatzeko ipini dute postontziaren zerbitzu berria. “Eguneko 24 orduetan dago erabilgarri, eta, horri esker, maileguan hartutakoak edozein unetan bueltatu ahalko dira, liburutegia irekitzea itxaron beharrik gabe”, azaldu du Jokin Garatea kultura zinegotziak.
Postontziak erabiltzaileei “abantailak” dakarzkiela esan du zinegotziak, maileguak bueltatzeko sortzen izan diren ilarak saihestu ahal izango direlako. Erabiltzeko erraza dela aipatu dute udal arduradunek, eta entregak egiteko arauak liburuzainarekin bete beharreko berberak direla. Hori bai, erabiltzaileei eskatu diete liburuak lepoz sartzeko, hondatu ez daitezen.
Hobekuntza gehiago. Postontziak dakarren hobekuntza aurretik ezarritakoei gehitu behar zaizkie. Izan ere, irakurzaletasuna eta kultura bultzatzeko, beste hainbat erraztasun ematen ditu Gernika-Lumoko udal liburutegiak; hala nola, liburuak tituluagatik errazago biltzako zerbitzua; irakurketa pertsonalizatuak gomendatzeko zerbitzua; desiderata-zerbitzua eta liburutegien arteko maileguen eguneraket zein whatsappeko zuzeneko zerbitzua informazioa eskatzeko eta zalantzak argitzeko. Halaber, funtsa ere berrantolatu du udal liburutegiak.