"Izan ginelako eta direlako"
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak bultzatuta, gaur egungo eta lehengo errefuxiatuen egoerak alderatuz, horien errealitatea islatu du Lian artista kataluniarrak Foruan.
Gu ere ihesian irten ginen beldurrez, herriak eta etxeak erreta, maite genituenak erailda. Gu ere baztertu gintuzten, jazarri, kolpatu, iraindu. Gu ere terroristak ginen, hiltzaileak, mafiosoak, okerrak. Baina askok, hainbat lekutan hartu gintuzten, buruak argi, irribarrea ezpainetan, bihotza gozo, eta eskuak zabalik. Hala dio 1936 eta 1939 arteko 32.000 euskal umeen izenean sinatutako pasarte batek.
Hainbat izan ziren ihes egin beharrean etxetik joan behar izan ziren euskaldunak duela 80 urte inguru. Gaur egun, baina, beste lurralde batzuetatik egiten dute ihes errefuxiatuek, eta horietako batzuk Euskal Herrira heltzen dira. Urteak igaro dira, baina, errefuxiatuek sufritzen dituzten egoerak ez dira asko aldatu. Hori horrela, lehengo eta oraingo egoerak berdin jarraitzen duela salatzeko, eta herritarrak kontzientziatzeko, horma irudi bat egin dute Foruan, Gernika-Lumotik Forurako bidean.
“80 urte baino gehiago igaro dira, eta berdin jarraitzen dugu; ez da ezer hobetu”
«Lehengo eta oraingo errefuxiatuei keinu egitea pentsatu genuen, eta hori horma irudi bategaz egitea», azaldu du Asier Arejita Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea taldeko kideak. Izan ere, koronabirusaren ondorioz ekintzak egin ezin direnez, zerbait desberdina egin gura izan dute: «Uda da, eta etenaldi bat egoten da beti. Aurretik, baina, zerbait desberdina egin gura genuen, eta aspalditik geneukan pentsatuta errefuxiatuen gaia lantzea».
Konfinamenduan zehar, sare sozialak asko erabili direla ikusita, kalera begirako sentsibilizazio kanpaina bultzatu dute horma irudiagaz: «Errefuxiatuen gaiari buruzko mezu bat bidali gura genuen, eta irudi bategaz hori egitea polita iruditu zitzaigun. Alde batetik, artelan bat delako, eta bestetik, mezu potente bat zabaltzen dugulako». Lian artista kataluniarrak egin du horma irudia. Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuek proposatu zioten errefuxiatuen gaia jorratzen zuen horma irudia egitea eskualdean, eta jarraian onartu zuen proposamena: «Horma desberdinak ikusten hasi eta Foruko hori aukeratu genuen. Ideia lantzeari ekin genion jarraian».
Zer marraztu erabakitzeko, eskualdearen historiari buruz jakin nahi zuen, «oso potentea delako». Hala, Busturialdeko asko ere errefuxiatuak izan zirela ohartuta, egoera hori gaur egungo errefuxiatuen egoeragaz alderatzea erabaki du.
Historia
36ko Gerraren ondorioz errefuxiatuen mugimendua «arazo handia» izan zen errepublikarrentzat. Gipuzkoa erori zenean milaka herritarrek muga zeharkatu zuten, baina frantses autoritateek ez zieten harrerarik egin, eta gehienak bueltan bidali edo Kataluniara zuzendu zituzten. Bitartean, 100.000 gipuzkoar baino gehiago mugitu ziren Bizkaira. Gernikako Bonbardaketaren ostean, Frantziako eta Britania Handiko gobernuen iritzia leundu egin zen eta errefuxiatuak jasotzen hasi ziren, batez ere umeak. Baina horretarako lurralde horietako eragileen presioa eta lana nahitaezkoa izan zen. Jende asko kontran jarri bazen ere norbanako anonimo eta famatuak, sindikatuak, eliza kristauetako buru eta kideak, alderdi askotako ordezkari, arduradun eta hautetsiak, eta, laguntza sozialeko elkarteak mobilizatu ziren. Mendebaldeko Europa osoan, biztanleriaren sektore zabalak eta irismen desberdineko erakunde publiko eta pribatuek bat egin zuten gobernuei aurre egiteko.
Hori horrela, gobernu frantziarrak euskal errefuxiatuen lehen uholdea hartu zuen, baina politika aldatu zuen Bilbo 1937ko ekainean erori zenean. Britainia Handia errefuxiatuen sarrera onartzera mugatu zen. Kasu horretan, partikularrak eta tokiko erakunde publikoak arduratu ziren antolaketaz eta harreraren kostuaz. Horrelako ekimenak ezinbestekoak izan ziren Frantziako kasuan.
“Memoria ez da galdu behar, hortik ikasi behar dugulako. Hortik atera beharreko ikasgaia lehen gertatutakoa berriro ez gertatzea da”
Guztira, 100.000 errefuxiatu baino gehiago egon ziren. Horietatik 32.000, 1.936 eta 1.939 artean Hego Euskal Herritik atera ziren adingabeak zirela kalkulatzen da. Frantzian 22.800 hartu zituzten, Belgikan 3.278, Suitzan 250 eta Danimarkan 100. Sobietar Batasunak 1.600 hartu zituen, eta euren egonaldia eta heziketa ordaindu zuen. Britainia Handian 3.861 aterpe aurkitu zituzten, horietatik 500 inguru ez ziren inoiz itzuli. Haur horiek eta haien ondorengoek osatzen dute Erresuma Batuan dagoen Basque Children ‘s Association.
Britainia Handira joan zirenetako asko Habana ontzian joan ziren. 3.961 adin txikiko zeramatzan, eta horietako batzuk eskualdekoak ziren. Itxasontzi horretan joan ziren emakumeen argazki bat da horma irudian ikus daitekeena. «Habana ontzian Britainiara joan ziren emakume eta alaba errefuxiatuen argazki bat aurkitu genuen, eta hori islatzea erabaki genuen. Halaber, gaur egun milaka aldiz telebista edota medioetan ikusten ditugun irudietako bat marraztu dut ondoan», azaldu du Lianek. Argazkiak aukeratzea ez dela erraza izan, baina «oso lan erakargarria» izan dela azpimarratu du: «Bilaketa lan asko egin dut, historia jorratuz. Jon Argintxona historialariak ere lagundu dit, informazio asko bidali dit».
Gaur egungo egoera ere antzekoa dela diote Arejitak eta Lianek. «Argi ikusten da errefuxiatuek zenbat traba dituzten gaur egun ere. Batzuk mediterraneoan hiltzen dira. Kristoren egoera gogorrak pasatzen dituzte euren herrian eta hona heltzeko bidean. Baina behin bertan egonda ere, traba itzelak dituzte». Pertsonei txarto pasatzea eragiten dietenak ez direla bakarrik mugak dio Arejitak, behin mugen barruan egonda ere administrazioan mugak dituztela dio: «Administrazioaren makinariak ilegalitatea mantentzen eta kanpotik etorritakoak kriminalizatzen jarraitzen du».
Errefuxiatuak izanda, ez dela memoria lan bat egin, eta hori egitea ezinbestekoa dela deritzo artistak: «Hortik pasatu gara, egoera berdinean egon gara, eta ez dugu ikasi. 80 urte baino gehiago igaro dira eta berdin jarraitzen dugu, ez da ezer hobetu». Sentsibilitatea sortu gura du lanagaz, eta jendea kontzientziatzea bilatu: «Herritarrak ez dira nahi dutelako mugitzen, behar duelako baino. Beharriza da euren herritik joatera bultzatzen dituena. Ez daukate nora joan, eta oso zaila dute bizia aurrera ateratzea. Aberatsak handik eta hemendik ibil daitezke, etxe batetik bestera, baina badago etxerik ere ez daukan jendea ere. Landu beharreko gaia da».
Berak ideiak horman margozten ditu, baina bakoitzak bere hausnarketa propioak bilatu behar dituela pentsatzen du: «Argi ikusten da muralean lehengo eta gaur egungo errefuxiatuak islatu ditudala. Zaila da idea beste era batera ulertzea, baina bakoitzak bere hausnarketa propioa egin behar du».
Erantzun bikaina
Horma irudia mezu hori zabaltzeko bidea da, eta jakinmina sortu du. Errefuxiatuen gaia plazaratzea eragin du, baita memoria historikoa lantzea ere. «Memoria ez da galdu behar, hortik ikasi behar dugulako. Hortik atera beharreko ikasgaia lehen gertatutakoa berriro ez gertatzea da».
Jendearen erantzuna bikaina dela dio katalanak: «Denak harrituta daude. Leku estrategikoa da, jende eta kotxe asko igarotzen direlako». Adin guztietako herritarrak, nagusi zein gaztetxoak gelditu dira beragaz berbetan. «Ume batek bokata bat eman zidan, eta aitona batek ere gelditu ninduen. Hark bera ere errefuxiatua izan zela esan zidan». Beste adineko bat ere gerturatu zitzaion, eta hunkituta, bere aita Habana itsasontzian joandakoa zela esan zion.
Arejitak ere, horma irudiak herrian «ezustekoa» eragin duela uste du, «jendeak ez zekielako zertarako zen».
Joan den asteko bost egunetan zehar margoztu du horma irudia, egunean 12 orduz bertan egonda. «Egunak pasatu ahala, herritarren jakinmina handitzen joan da. Sorpresa bat ere bada askorentzat holako zerbait aurkitzea, ez da eguneroko gauza bat. Gainera, hain ondo egindako artelana ikustea gustuko dute askok».
Lianen lana eskualdean ikustea «ohorea» dela dio Arejitak: «Artista hau ez dugu ikusiko museo batean, baina bere lana aitortzeko aukera ere bada. Guretzat ohore bat da horrelako artista batek horrelako murala egitea. Gainera, gustura dago gaia jorratzen. Izan ere, sinisten du egiten duen ekarpenean. Ez digu talde modura ezer kobratu, era militantean lan egiten duelako. Materiala bakarrik eman diogu».
Mezuak zabaltzeko telebista eta sare sozialak erabiltzeaz gain, kalea ere badela horretarako medioa erakutsi gura izan dute. Lianen berbetan, hormak dira herritarrei mezuak transmititzen dizkietenak.
Mende laurdena lanean
Artista kataluniarrak 25 urte daramatza margotzen, eta ez da errefuxiatuen gaia horma irudietan jorratzen duen lehen aldia. «Ez nago artelan bat egiten bakarrik, zerbait gehiago egiten dudala uste dut. Gizarte ongizatearen alde egiten dudala hain zuzen», dio, eta hori «artea eta borroka maite» dituelako egiten duela adierazi du.
Gai sozialak lantzen ditu batik bat: «Gai sozialetan militantea naiz, eta errefuxiatuen gaia lantzen dut, baita feminismoa, ekologia, edota beste hainbat mugimendu sozial ere. Errefuxiatuei buruz Italian, Katalunian, Ingalaterran, Alemanian… margoztu dut besteren artean. Barnea ukitzen didan gaia da».