Sukarrietako Ingurumen Hezkuntza programa bertan behera utzi dute
Koronabirusa "aitzakia" dela uste dute programa horretan lan egiten duten irakasleek. Proposamen desberdinak landu eta aurkeztu dituztela diote, baina ez dituzte onartu.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Sukarrietan eman izan den Ingurumen Hezkuntza programa bertan behera utzi duela jakitera eman dute bertako irakasleek. Datorren ikasturtean aipatu programa ez eskaintzea erabaki omen du Hezkuntza Sailak, koronabirusagatik. Bertako irakasleek, hala eta guztiz ere, koronabirusa “aitzakia” dela uste dute, “murrizketak” egiten ari direla salatuz.
Bizkaiko hainbat ikastetxeren zerbitzura egon izan den programa da Sukarrietakoa. Astelehenetik eguenera bitartean, hiru gau pasatzen zituzten Bizkaiko hainbat ikaslek naturan murgilduta, “iraunkortasuna eta bizimodu jasangarri baten aldeko edukinak bereganatzen zituzten bitartean”. Jakinarazi dutenez, 40 urte daramatzate Ingurumen Hezkuntzako programa hori Sukarrietan eskaintzen, BBKren udalekuak eskaintzen dituzten eraikin berean, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean, hain zuzen ere.
Azken asteetan “susmoa bazeukatela” dio Jabi Landeta aipatu programaren pedagogia arloko zuzendariak. Horregatik, eta gauak pasatzeko egon litezkeen zailtasunak aurreikusita, bertako irakasleek proposamen desberdinak prestatu eta aurkeztu dizkiete Hezkuntza Sailari; horiek, baina, ez dituzte onartu. “Ikasleak hartu barik, lehenengo hilabeteetarako lana egongo litzateke. Pandemiagatik alde egin behar izan genuen, eta esaterako, ortuan lana egon badago. Gainera, umeak alde batera ez uzteko, eskatzen duten eskoletara joateko gaitasuna ere badaukagu”. Ingurumen Hezkuntza “edonon” lantzeko aukera dagoela dio Landetak: “Sestaoko eskola batean, esaterako, kontsumitzen den uraren probak egin ditzakegu, janzten dituzten soinekoen jatorria aztertu daiteke… Ortua duten ikastetxeetan, berriz, biodibertsitatea eta lur emankorraren garrantzia ere aztertzeko aukera dago, naturaren zikloak landuta, adibidez. Aukera desberdin asko daude”.
«Zaila berriro abiaraztea». Sukarrietan lantzen duten proiektua koronabirusaren “biktima” modura jarri gura dutela diote, baina horren atzean “dirua” dagoela salatu dute.
Ondorioz, proiektu “oso garrantzitsu bat” bertan behera geratuko dela diote hango irakasleek: “Diotenez, ez da behin betiko erabakia, datorren ikasturterako erabakia baizik. Hala ere, behin moztuta, zaila izango da berriro martxan ipintzea. Irakasleak lanean hasten direnean, beteranoengandik formakuntza jasotzen dute, hau da, proiektuan trebatuta dagoen jendearengandik. Orain, erabaki honegaz, lan taldea apurtu egiten da”. Hamar irakasle ari ziren proiektu horretan lanean.
“Ez gaude protestan gure lanpostuen defentsagatik. Hemen, astean, lauzpabost ordu gehiago sartzen ditugu. Hala eta guztiz ere, metodologia gustukoa dugu, bai eta naturan bertan esperimentazioaren bitartez ikasleekin lantzea ere. Programa oso garrantzitsua dela uste dugu, eta galdu egingo da”, diote. Irakasle eta ikasleen aldetik jasotzen duten balorazioa “oso ona” izaten dela nabarmendu du Landetak.
Hezkuntza Sailari eskatu diote aurpegia emateko eta webgunean ematea hartu duten erabakiaren berri. “Euskal Girotze Barnetegien programa ere bertan behera utzi dute, baina ez horiek ez guk ez dugu zuzeneko informaziorik jaso. Ikastetxeengandik deiak jasotzen ari gara, Hezkuntza Sailak hartu duen erabakiaren berri ez daukatelako. Ikastetxe batzuetako ikasleentzat, gainera, bizi diren ingurutik egun batzuk aldentzeko aukera bakarra zen. Pena bat da”.