Muñozek eta Ajuriagoikoak irabazi dute Euskal Herriko Rally Txapelketako lehen proba
Zamudioko lasterketagaz hasi zuten txapelketa, eta lehenengoak izan ziren Euskal Herri mailan. Lasterketako sailkapen orokorrean, berriz, bigarren helmugaratu ziren.
Hasi da Euskal Herriko Rally Txapelketa. Zapatuan Zamudion ekin zioten lehiari, eta lehenengo garaipena eskuratu zuten Ivan Muñoz eta Ibai Ajuriagoikoak. Zamudioko lasterketan bigarren geratu ziren Ivan Ares eta David Vazquezen atzetik, baina Euskal Herriko Txapelketan lehenak dira.
Txapelketa maiatzean hastekoa zen Lea-Artibaiko rallyagaz, baina koronabirusak eraginda, atzeratu egin behar izan zuten. Lehenengo proba zen asteburukoa eta lortutako emaitzagaz “pozik” dago Ivan Muñoz pilotu gernikarra: “Emaitza ona da, lasterketa irabazi genuelako Euskal Herri mailan. Gainera, tarte batzuetan Espainiako txapeldunari ere estu jarri genion tarteak irabaztea”.
Goizean ez zela kotxean “oso gustura” joan dio pilotuak, baina motorrak ez ziola arazorik eman azaldu du. Arratsaldean, berriz, alderantziz: “Eguerdian kotxea guztiz aldatu nuen, goitik behera, eta arratsaldean askoz ere gusturago joan nintzen. Baina motorreko arazoak iritsi ziren. Potentzia asko galdu nuen eta potentzia gutxiagogaz lehiatu behar izan nuen, baina eutsi egin nion”.
Garaipena taktika kontua izan zela uste du, beste pilotuekiko estrategia desberdina erabili zuelako: “Gehienak gurpil berriekin atera ziren, eta nireak zaharrak ziren. Gurpil zaharrekin aritu nintzen egun guztian zehar”. Hala ere, Muñoz kritikoa da bere buruagaz, eta sentsazioak “asko hobetu” behar dituela dio: “Gauza asko ditut kotxean eboluzionatzeko, baita nik hobetzeko ere”.
Txapelketaren itzuleragaz harrituta dago. Pilotuek ondo erantzun zuten eta asistentzia “bikaina” izan zen. Zamudioko proban, aurtengora arte, 40 kotxe inguruk lehiatu ohi dute, baina aurten 70 inguru egon dira: “Espainia mailan ez dabiltza Rally lasterketak antolatzen, eta Kantabriako pilotu asko gerturatu dira asteburuan. Galiziakoak, Asturiasekoak… ere hurbildu dira. Jendeak lehiatzeko gogoa du, eta Zamudioko proba aprobetxatu dute”.
Bertakoak ere egon ziren. Aitor saizar berritxuarrak eta Gorka Aginagak seigarren egin zuten lasterketan, eta zortzigarrenak izan ziren Ioritz Odiaga eta Arkaitz Kobeaga. Aratz Zarakondegi eta Aitor Kortazar, berriz, kotxe klasikoen kategorian lehenak izan ziren. Ibon Ibarguengoitiak debutatu egin zuen, baina kolpe baten ondorioz lasterketatik kanpo geratu zen.
Hurrengora, irabaztera. Bigarren hitzordua uztailaren 25ean eta 26an dute Gipuzkoan. Goilurrak Rallya lehiatuko dute; besteren artean, Azkoiti, Elgoibar, Legazpi eta Zegama zeharkatuko dituzte.
Muñozek argi dauka, eta irabaztera aterako da. “Aurtengo helburua txapelketako lasterketa batzuetara joatea zen, gozatzea eta lagunekin ondo pasatzea. Baina asteburuko emaitza ikusita, txapelketa lehiatzera joango naiz. Txapelketa irabazten saiatuko naiz”, azaldu du. Aurreko urteetan, txapelketako lasterketaren bat irabazita dauka, baina orain artean ez duela txapelketa irabazteko beste lehiatu dio: “Karrera bat irabazita daukat beste kotxe txiki bategaz, baina txapelketa bat irabazteko beste ez dut lehiatu. Aurten da lehenengo urtea irabazteko moduko kotxea dudana”.
Koronabirusak sortutako etenaldia aprobetxatu du kotxea goitik behera aldatzeko: “Geldialdia ederto etorri zait. Kotxea goitik behera muntatzeko denbora izan dut. Jakin nuen arazoak eman ahal zizkidala, baina hasieratik aurrean sartu nintzen asteburuan, eta emaitza ona lortu dut”.
Goilurrak lehiatu eta gero, baina, ez dakite zein rally egingo diren gero. “Udalek lasterketak antolatzeko laguntza ekonomikoak kendu egin dituzte. Lasterketa batzuk atzeratu egin dira, baina ez dakigu egingo diren edo ez. Esperoan gaude”, azaldu du gernikarrak. Gernika-Lumoko Rallya ere zalantzan dagoela zehaztu du.
Osasun neurriak. COVID-19ak rallyen itzulera atzeratzeaz gain, pilotuen protokoloa ere markatu du. Pilotu eta kopilotuek maskarak erabili behar dituzte kotxean ez daudenean, eta hiru mekaniko baino ezin dituzte izan, bestela kanporatuak dira. Lehen hamar tekniko inguru eramaten zituzten. “Denbora guztian eskularru eta gelekin aritu ginen, bakoitza bere tartera mugatuta”, kontatu du pilotu gernikarrak.
Rallya “oso ondo” antolatuta egon zela dio, eta ikusleen parte hartzea nabarmendu du: “Goizean jende asko gerturatu zen, tarteak jendez beteta egon ziren aspaldiko partez Euskal Herrian. Hori ikaragarria da kotxearen barruan zoazenean”.