Maskararen erabilera derrigorra izango da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan
"Pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere" maskara derrigorrez eraman beharko da gauerditik aurrera.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan espazio publikoetan ere maskara soinean erabiltzea derrigorrezkoa izango dela iragarri du gaur [uztailak 15] egindako agerraldian Nekane Murga Osasun sailburuak. Agerraldian jakitera eman duenez, neurria gauerdian [uztailak 16] jarriko da indarrean.
Antzeko neurriak beste lurralde batzuetan ere ezarri dira egunotan. Esan dutenez, azken egunetan sortu diren foku berrien aurrean, Jaurlaritzak beste pauso bat eman behar izan du, eta maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da kutsatzeak gehitzea saihesteko. Murgak esan duenez, birusak “desagertu beharrean, zirkulatzen jarraitzen du”, eta horri azken egunotako “infekzioen bilakaera” gehituta, neurri berriak ezartzea erabaki dute.
Hala, “pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere” maskara derrigorrez eraman beharko da soinean, baita hondartzetan edo igerilekuetan ere. “Neurri horiek beharrezkoak dira orain. Eta bilakaerren arabera, ez da baztertzen beste batzuk aplikatzea“, azpimarratu du sailburuak. Hondartzetan eta igerilekuetan, esaterako, maskara joan-etorrietan erabili beharko da. Soilik etzatean edo leku batean esertzean kendu ahal izango da, beti ere 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzen bada edo batera dauden pertsonak elkarbizitza unitate berekoak badira.
Maskararen erabilerari dagokionez, maskara soilik tabernetan edo jatetxeetan kendu ahal izango da “jateko edo edateko”. Ostalaritzan, gainera, neurriak gogortu dituzte. Mahai baten inguruan batu daiteken pertsona kopurua mugatu dute. Gehienez, hamar lagun elkartu ahal izango dira, eta ordutegi luzapenak etenda egongo dira. Nabarmendu dutenez, araua betetzen ez duenari zigorra ezarriko diote.