Lagako eta Laidako hondartzen erabilera solidarioa eskatzeko sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan udalak
Hondartzetan bete beharreko neurriak gogorarazteaz gain, ingurumen-erantzukinez jokatzeko deia ere egin dute kanpainaren bidez.
COVID-19ak eragindako normaltasun berria hasi eta uda iritsi zenetik, handituz joan da Ibarrangeluko hondartzetara joaten den jende kopurua. Egun batean, Lagako hondartza itxi behar izan zen, gehienezko edukierara iristetik gertu zegoelako. Hori dela eta, Ibarrangeluko Udalak beharrezkotzat jo du sentsibilizazio-kanpaina bat abian jartzea, osasun-segurtasuna bermatzeko eta erabiltzaileei elkartasunez jokatu dezaten eskatzeko.
Hain zuzen, hareatzak erabiltzeko eta arautzeko esparru orokorra kontuan izanik, Ibarrangeluko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostu dituen neurriak jakinaraztea da kanpainaren helburua. Ibarrangeluko hondartzak: solidarioak eta garbiak lelopean, marrazki bizidunen bideo bat egin dute zenbait jokabide solidario gomendatuz. Besteak beste, gogoratzen da ahalik eta jende gehienak hondartzaz gozatzeko aukera izan dezan hondartzan gehienez 3 ordu egotea, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia errespetatzea eta bainugela publikoetan maskara erabiltzea. Halaber, hondartzara joan aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiaren BizkaiUp aplikazioan hondartzen edukiera kontsultatzea gomendatzen da, eta, iristean, sorospen-zerbitzuaren gomendioei eta banderei arreta jartzea. Bestalde, hondartza gehienezko edukierara iristetik gertu dagoenean, hondartza dinamikoa ezartzeko aukera dagoela nabarmentzen da, hau da, baimenduta dago bainatzea eta paseatzea, baina ez eguzkia hartzea.
Kanpainaren bidez, ingurumen-erantzukizunez jokatzea ere eskatzen du udalak, eta hareatzak garbi mantentzeko eta bakoitza bere zaborraz arduratzeko eskatzen die erabiltzaileei.