Espazio publikoko esku hartze batzuen erakusketa hartuko du Eak
Bariku eguerdian ibilbide gidatuagaz zabalduko dute erakusketa.
Barikutik [uztailak 17] abuztuaren 14ra, Harriak programako Eta zure suzko hitzarekin jantzi nintzen arte garaikide erakusketa egongo da Ean.
Eusko Jaurlaritzaren Eremuak Espazioaren barruko programa honen baitako erakusketa iaz ere Eskolondon eduki zuten, baina COVID-19a dela eta, oraingoan, Eskolondoko bigarren solairuko Ekainak 28 gelan izan beharrean, erakusketa espazio publikoko esku-hartze batzuek osatzen dute. Ivan Gomez da erakusketaren komisarioa eta Santiago Fernandez-Mosteyrin, Bernarda Beñat G. Garcia & Maialen Gallastegi Etxabe eta Michelle Lima (Mal Studio Project) dira artistak.
Barikuko irekierarako udalerritik paseo bat proposatu dute, esku-hartzeak erakusteko kokapenetatik igaroz. Artistek euren sormen lanei buruzko informazio eta euren prozesuen berri emango diete bertaratzen direnei. 12:30etan hasiko dute ibilbide gidatua, Eskolondon.