Zinema saioak egingo dituzte Ean, Bedaronan eta Natxituan
Film laburrak eskainiko dituzte eguen gauean, Eako frontoian.
Udako Zinema Zikloa estreinatu zuten Ean, iaz, eta aurten, bestelako formatuan egingo dituzte saioak. Hain zuzen, Ean, Bedaronan eta Natxituan saio bana egingo dute, eta lehenengoa eguenean [uztailak 16] izango da, Eako frontoian.
“Komedia aukeraketa berezia eginda, ume eta gaztetxoei zuzendutako laburmetraiak” eskainiko dituzte, 22:00etatik aurrera. Gasteizen egiten duten Kortezarra film laburren jaialdiko laburmetrai batzuk egongo dira ikusgai.
COVID-19aren osasun krisiagatik osasun eta segurtasun neurriak hartuko dituztela esan dute, “beraz ez da arriskurik egongo”. Edukiera mugatua egongo da eta maskarillak eroatea derrigorrezkoa da. Hain zuzen, iaz espazio itxietan egin zituzten film emanaldiak, eta aurten pandemiagatik frontoietan egitea erabaki dute.
Uztailaren 30ean Bedaronan eta abuztuaren 13an Natxituan egingo dituzte beste saioak.