Irailaren 16an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea
Busturialdean bi saio egingo dira: Busturian (irailak 17) eta Muxikan (irailak 23). Guztira, lehenengo fasea hamar saiotan banatuta egongo da, eta egun bakoitzean bi saio jokatuko dira. Guztira, 60 bertsolari ariko dira, tartean Busturialdeko hamahiru.
Maiatzean jokatu behar zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea, baina alarma egoera dela eta, atzeratu egin behar izan zen. Azkenean, irailean jokatuko da, eta bost egunetan egingo da; egun bakoitzean bi saio jokatuko dira, bi herri ezberdinetan. Lehen fase horretan 60 bertsolarik parte hartuko dute, tartean Busturialdeko hamahiru ariko dira. Saio bakoitzean sei bertsolari ariko dira. Busturialdean irailaren 17an egingo da lehenengo kanporaketa saioa; Busturiko kultur etxean egingo da. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira.
Ondokoak dira lehenengo fasean parte hartuko duten Busturialdeko bertsolariak: Asier Galarza Garai (Muxika), Koldo Gezuraga Seijido, Julen Ibarguengoitia, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Bilbao Landa, Ibai Amillategi Omaetxebarria eta Xabier Enbeita Ibarra (Gernika-Lumo), Iker Uriarte Urrutia eta Nagore Beitia Telletxea (Bermeo), Enare Muniategi Etxabe (Gautegiz Arteaga), Eneko Aldana Carrasco eta Koldo Muñiz Aldamizetxebarria (Forua), eta Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia).
[IKUSI SAILKAPEN FASEKO EGUTEGIA]
Sarrerei dagokienez, ez direla aurretiaz salduko esan dute. “Txarteldegian erosi beharko dira. Txarteldegia saioa hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko da”. Sarrerek 3 euro balioko dute (Bertsozale elkarteko bazkideentzat 2 euro), eta 16 urtetik beherakoentzako doan izango dira.
Bertsotan parte hartzeaz gain, Busturialdeko herritarrak antolakuntzan ere sartuta daude. Moises Enbeita Ealo muxikarra, esaterako, talde antolatzailean eta epaile taldean ariko da. Gai jartzaile legez, ostera, Leire Garatxena Larrabe ajangiztarra eta Zihara Enbeita Gardoki gernika-lumotarra ariko dira. Epaileen taldean, Enbeitagaz batera ariko dira Ander Arrien Aspiazu eta Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa gernika-lumotarrak.
Sailkapen fasea eginda, Bizkaiko Txapelketa urrianhasiko dela esan dute, “printzipioz”. Horretan sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala egingo dira. Kanporaketetara 2016an finalistak eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten bertsolariak sartuko dira. Guztira, horretan 36 bertsolarik parte hartuko dute (2016ko zenbat finalistak eta 2018ko zenbat finalaurrekoetako bertsolarik izena ematen duten arabera). Finalaurrekoetan, ostera, 2018an finalista izandakoak sartuko dira.
Sailkapen fasearen eta Bizkaiko Txapelketaren jarraipena egiteko bideakere zehaztu ditu Bizkaiko Bertsozale elkarteak:
- Webgunearen bidez
- Sare sozialen bidez:Facebook, Twittereta Instagram
- Harremanetarako: bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus