Hegaluzez egindako pintxoen lehia dator
Udalerriko 15 taberna ariko dira lehian uztailaren 17tik 26ra.

Bermeoko ekonomia berraktibatzea helburu duen Nik, BermeON kanpainaren baitan, udalak eta Bermeo Tuna World Capital-ek (BTWC), ostalariekin batera, Bermeo Tuna Pintxo Tour lehiaketa antolatu dute.
Udalerriko 15 taberna ariko dira lehian. Hegaluzez egindako pintxorik gozoena zeinek egiten duen herritarrek aukeratuko dute. Lehiaketa uztailaren 17tik 26ra izango da, eta taberna eta pintxoa identifikatuta egongo dira.
Parte hartu gura dutenek tabernetan edo Turismo Bulegoan aurki daitekeen liburuxka hartu eta sei pintxo dastatu beharko dituzte. Dastatu duten pintxo bakoitzeko zigilu bana jasoko dute parte hartzaileek. Gustuen arabera, parte hartzaileek 1etik 6ra ordenatu beharko dituzte dastatutako pintxoak: 1 zenbakia eman beharko diote gustukoenari eta 6, berriz, gutxien gustatu zaienari. Uztailaren 28a baino lehen Turismo Bulegoan utzi beharko dira liburuxkak. Ondoren, 29an egingo dute zozketa. Bermeoko produktuekin osatutako hiru otzara zozkatuko dituzte.
Abuztuaren amaierara arte.Tabernek 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara eskuragarri izan beharko dituzte pintxoak. Lehiaketa uztailaren 17tik 26ra bada ere, abuztuaren amaierara arte lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatzeko aukera eskainiko dute tabernek.
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, Bermeo Tuna Pintxo Tour lehiaketak helburu bikoitza du: Herriko ekonomia berraktibatzen laguntzea eta herritarrei eta bisitariei hegaluzearekin egindako pintxo hoberenak eskura jartzea. “Hegaluzea Bermeoko historia eta nortasunagaz lotuta dago. Orain, gure herriko pintxoak dastatzeko aukera izango dugu gure estiloan eginda. Hortaz, gure herriko argazkirik zintzoena izango da”, dio alkateak.
Kepa Zumeta Merkataritza, Sustapena eta Turismo zinegotziarentzat hegaluzea “gure urre gorria” da: “Gure urre gorria gure ostalariek prestatzen duten erara munduari erakustea da gure helburua. Herriko jakintzari ostalarien profesionaltasuna geitzen baldin badiogu, arrakasta ziurtatu dago”.
Honakoak dira lehiaketen parte hartzen duten tabernak:
1. Akelarre taberna
2. Andeko taberna
3. Artza jatetxea
4. Atxetak taberna
5. Batun Batun taberna
6. Beti Ondo taberna
7. Irish Pub
8. Izaro kafetegia
9. Kafe Antzokia
10. Kafe Loidxie
11. Kai-Alde taberna
12. Oker taberna
13. San Pedro kofradia
14. Sarabanda taberna
15. Zubi-Gane taberna