Bertsoen termometrora buelta
Kultura konfinatuta egon da, baita bertsolaritza ere. Sare bidezko saioak egin dituzte, baina hasi dira plazak berreskuratzen. Bueltatzea pozgarria dela diote.
Plazetara bueltatzen hasi dira bertsolariak. Plazak bertsoz betetzen ari dira. Koronabirusaren eraginez ezarritako alarma egoerak bertsoak gelditu ez zituen arren, publiko barik jardun dute bertsolariek. Orain, hasita daude saioak plazan antolatzen, eta euren termometro diren entzuleak berreskuratu dituzte.
Konfinamenduan etxez etxe hainbat saio egin zituzten bertsolariek, Skype edota Zoom bidez. Baina bitartekari horiek erabilita, konexioek huts egiten zutela nabaritu zuten.
Ostean, Bertsozale Elkarteak streaming bidez ahalegin batzuk egin zituen bertsoak bultzatzeko, eta streaming bidezko saioak antolatu zituen. Baina ez zegoen publikorik. “Egia da konfinamenduan bertsoa ez dela desagertu, baina publikoa bai. Publikoa fisikoki desagertu zitzaigun, eta guretzat oso garrantzitsua da hori berreskuratzea”, onartu du Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak.
Bertso saioak osasun neurri zorrotzak jarraituz egiten hasi badira ere, publikoa aurrean izatea “bertso saio erdi berreskuratzea” dela dio muxikarrak: “Bat-batekoa da gure jarduna, eta publikoaren momentuko feedback hori izatea oso garrantzitsua da”.
Konfinamenduan ez dute horrelakorik izan. Streaming bidezko saioak “hotzak” zirela dio Enbeitak: “Bertsoak botatzen genituen, baina ez genekien zein zen jendearen erantzuna. Guk bertsoak ona edo txarra den jakin genezake, baina bertso onena zein izan den jendearen bitartez nabaritzen dugu”. Hori horrela, jendearen erantzuna zein zen ez jakitea deserosoa izan dela dio, ez dutelako “termometrorik” izan: “Gure termometroa publikoa da”.
Hala ere, Bertsozale Elkarteak antolatutako sareko bertso saioetan eginako lan kolektiboa eskertzekoa dela dio. “Elkarte bat egon da bertsoak bultzatu dituena, eta plazarako lehenengo saltoa eman duena. Orain ere, lehenengo saioak elkarteak antolatu ditu, segurtasun baldintza guztiak betez”. Bertsolarientzat elkartearen lana “oso garrantzitsua” izan dela dio Enbeitak, erakutsi dutelako bertso saioak plazan egin daitezkeela.
Orain, gutxika-gutxika agendak betetzen doaz. Saioak agertzen hasi dira. Hala ere, ez dira beste urte batzuetan beste saio egingo: “Udan, herriko jaiak dira bertsoen ardatza. Neguan, berriz, urteroko bertso afariak izaten dira. Aurten, ez dira beste urte batzuetako beste saio egongo. Lehenengo animatu direnak sanpedroak eta sanjoanak ospatu dituztenak izan dira, eta alboko herriek ikusi dituzte dauden aukerak”.
Azken urteetan saio kopurua haziz joan da, gero eta gehiago antolatu dituzte. Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen dituzten datuen arabera, 2019an, 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian: “Aurten, saioen gorakada txiki bat izan dugu urteko lehen bi hilabeteetan. Urtarrila eta otsaila ez dira hilabete osoenak izaten bertsolarien eta bertsozaleen agendetan, eta horregatik da pozgarria goranzko joera”. Hazkunde hori, baina, eten egin da.
Bertan behera geratutako saioak asko izan dira, baina beste horrenbeste direla antolatu barik geratu direnak adierazi du Enbeitak: “Nik esan dezaket zenbat saio ez ditudan egingo, baina egon garen egoeran egonda antolatu ez direnak kontatzea askoz ere zailagoa da”.
Kualitatiboki asko galdu dutela dio bertsolariak. Izan ere, zenbat eta saio gehiago egon, bertsolari gehiagorentzat dago lekua. “Zenbat eta saio gehiago egon, bertsolari hasiberriek edo euren herrietatik kanpo abesteko zailtasun gehiago daukatenek aukera gehiago izaten dituzte. Eta aukera horiek asko murriztu zaizkie; beraz, kualitatiboki galtzen duguna askoz gehiago da kuantitatiboki galtzen duguna baino”, esan du muxikarrak.
Eskualdean, Liliadak
Bertsolari gazte horiek ere bertsoak botatzeko aukerak izan dituzte. Busturialdean, esaterako, bertso eskoletatik erantzun dute: “Erantzun kolektibo asko ere egon dira. Bertsolaria bakoitza da, baina asmatu dugu talde modura funtzionatzen, eta hori oso garrantzitsua da”.
Lilibertsokoek Liliadak antoaltu dituzte, bertsolari gazteen arteko streaming bidezko bertso saioak. “Konfinamenduan ohartu ginen tresna teknologikoen bitartez bertsotan egin genezakeela”, adierazi du Mikel Retolaza bertsolari busturiarrak. Euren artean, plaza berriak aurkitu dituzte, autokontsumorako.
Guztira, zortzi saio egin dituzte 22 bertsolarigaz. Astero, Lilibertsoko hiruk eta beste bertsolari batek parte hartzen zuten. 60 ariketatik gora eta 210 bertso baino gehiago kantatu dituzte.
“Lilibertson dauden bertsolari askok dituzten saio gehienak eskualdean izaten dira, eta eskualdeko jaietan. Aurten jai horiek egiten ez badira, jendeak ulertu behar du bertsolari horiek ez direla desagertu, eta hor daudela. Liliada oso aukera ona izan da denek ikusteko eskualdean badagoela bertso eskola bat oso ondo funtzionatzen duena”, dio Enbeitak.
Azken Liliada bihar izango da, Astra Iluntzeetan, 20:00etatik aurrera
Gazteei plazan abesteko aukerak ematea bilatu dutela berretsi du Retolazak. Penaz dago, denek ezin izan dutelako parte hartu: “Deseskaladako faseek aurrera egin dute, eta kalera irteteko aukera izatean, Liliadek indarra galdu zuten”. Lehenengo hiru saioak «konfinamendu gogorrean» izan ziren, eta “arrakasta handia” izan zutela dio: “Hasierakoak jendetsuenak izan dira, baina, orokorrean ere, pozik gaude. Saioak 200 pertsonak baino gehiago ikusten zituzten, batzuek zuzenean eta beste batzuek gero. Itzela izan da. Gure gremio txikitik proiektu interesgarri bat eskaini dugu”. Azken Liliada bihar izango da, 20:00etan, Astra Iluntzeetan. Bertan ariko dira Aitor Zarraga, Etxahun Lekue, Oihana Bartra eta Uxue Alberdi. Leire Garatxena arduratuko da gaiak jartzeaz.
Astiro-astiro eta egoerak utzi ahala, bertsoak plaza bere osotasunean berreskuratu behar duela diote. “Bertsoak behar du Lilibertso, eta behar du Maialen Lujanbio. Baita euren artean sartzen diren guztiak ere”.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketari buruz ez dagoela berririk dio Enbeitak, eta hileon elkarteak batzarrak egingo dituela jakinarazi du: “Gu horren esperoan gaude, eta gehienok elkartearen erabakia errespetatuko dugu. Badabiltza Bertsolari Txapelketa egiteko ahaleginak egiten”.
*****Belate Olabarria izendatu dute Bizkaiko Bertsozale Elkartearen presidente
Belate Olabarriak hartu du Bizkaiko Bertsozale Elkartearen presidente kargua. Zapatuan Gernika-Lumoko Astran egin zuten elkartearen urteko batzar nagusian izendatu zuten.
Batzarrean bazkideak batu eta zuzendaritzak proposatutako egitasmoa eta aurrekontua onartu zituzten. Horrez gain, zuzendaritza aldaketa ere onartu zen. Asier Ibaibarriagak lehendakari kargua utzi zuen, eta batzarrak aho batez onartu zuen zuzendaritzaren hautagaitza Olabarriarena izatea. Horrez gain, 24 urtean zuzendaritza kidea izan den Unai Iturriagak ere kargua utzi zuen, eta Asier Galarza muxikarra gehitu da taldera.