Jasone Agirre: "Ezin dira jarri interes ekonomiko eta alderdikoiak pertsonen osasunaren aurretik"
EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuak gardentasuna eskatu zien Mendia eta Urkulluri.
Jasone Agirre EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburua eta Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Gipuzkoako zerrendakidea Gernika-Lumon egon ziren atzo.
Bizkaiko zerrendaburuak pertsonen osasuna lehentasuna izan behar dela esan zuen, “eta ez interes ekonomiko eta alderdikoiak”. Agirrek kezka adierazi zuen gobernuko kideek hainbat aldiz erakutsitako jarrerarengatik. “Asteartean, Urkulluk 19 kasu iragarri zituen Ordizian, baina 35 ziren kasu positiboak. Atzo, Murga sailburuak ez zituen datuak eman prentsak galdetu arte. 48 ziren, eta gaur 58 dira. Zifrak zifra, Ordizian kezka dago gehiago kutsatzeko. Mesedez eskatzen dugu inork ez dezala osasun publikoarekin jolastu. Hauteskunde interesak osasun interesen aurretik jartzeko inork ez dezala tentaziorik izan”.
Jarrera hori beste kasu batzuetan ere eman dela azpimarratu zuen. “Desinformazioak kezkatzen gaitu, beste batzuetan ikusi dugun zerbait delako. Zaldibarkoa bezalako eskandalu batetik gatoz. Mendiaren eta Urkulluren gobernuak informazioa ezkutatu zieten herritarrei, zabortegiaren inguruan hodei toxiko bat zegoenean. Herritarrei egia esango dien gobernu bat merezi dugu”.
Bizkaiko zaharren egoitzeko buruzko ardura ere adierazi zuen: “Guztira 2.000 pertsona hil badira, 600 zaharren egoitzetan hil dira. Ezin dugu hori gauza naturaltzat hartu”. Egoitzetako kudeaketa “tamalgarria” izan dela dio, “batez ere Bizkaian”. Izan ere, Gipuzkoako zaharren egoitzekin alderatuz, Bizkaiko egoitzetan langileen erdia dagoela zehaztu zuen: “Beraz, edo arretaren erdia ematen dugu, edota langileen lan karga bikoitza da”.
Gernikako ospitalea ere ekarri zuen gogora: “Ospitaleko hirugarren solairuan oheak egongo zirela uste zen. Momentua da ospitale hori behar den moduan hornitzeko”.
Gizarte zerbitzuen sistema “publiko eta bakar” baten alde ere egin zuen: “Gizarte zerbitzuren bati buruzko zalantzak izatekotan, nora joan behar dugu? Aldundira, udalera, Jaurlaritzara? Ez da erraza erantzutea”. Hala, kalitatezkoa den gizarte zerbitzu publiko bat “beharrezkoa” zela esan zuen, bakarra Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako biztanle guztientzat: “Hori da gure konpromisoa”.
Kultura ere zaintza dela adierazi zuen Bizkaiko zerrendaburuak. “Bizipoza ematen digu. Kulturak zauriak osatzen dizkigu, gu zer eta nor garen erakusten digu, eta euskaraz egiten du”, esan zuen, eta kultura zaintzearen alde egingo dutela aldarrikatu, horretarako aldatu behar diren legeak aldatuz.
Bizkaian EH Bilduk seigarren eserlekua jokoan duela aipatu zuen Agirrek: “Oso garrantzitsua da seigarren eserleku hori eskuratzea, eta ahalegina egin behar dugu horretarako”. Eserleku hori eskuratzeak euren aldarrikapenek ahots ozenagoa izatea eragingo lukeelako.
“Bermea”. Beste alde batetik, ekitaldi berean, Arkaitz Rodriguez hautagaiak EH Bilduk politika nola ulertzen duen azaldu zuen. “Batzuen ustez, politika aberasteko modu bat da. EH Bildukook, berriz, hemen gaude jendeari bermeak eskaintzeko. Hitza izan behar da. EH Bilduren boto papera bermea da faxismoaren aurrean, aurrerabidearen bermea, murrizketen aurreko bermea, berme subiranista”.
EH Bildu herriarekiko eta gehiengoarekiko “konpomisoaren sinonimo” dela adierazi zuen Rodriguezek: “Guk bota genituen Rajoi, Barcina, Maroto… Gure bozkak beti-beti izango dira Gernika bonbardatu zutenen seme alabak instituzioetatik botatzeko”.