"Herritarren bizitza, etorkizuna, ongizatea eta oreka soziala bermatu behar ditugu"
Legebiltzarrerako hautagaia da Josu Erkoreka (Bermeo, 1960). Gobernuaren bozeramailea izan da azken bi legealdietan.
EAJrentzat funtsezko den galdera. Zelan atera nahi duzue krisi honetatik?
Bi krisi ditugu. Bat oraindik ez dugu gainditu, osasun krisia; eta da bestea da berarekin ekarri duen krisi ekonomikoa. Ez dakigu zelako dimentsioa hartuko duen, ezta zelako eragina izango duen arlo sozialean. Ez dakigu zelako gizarte arazoak sortuko dituen ere. Osasun krisiari aurre egiteko neurri asko bideratuta daude, baina oraindik pausoak eman behar dira, txertoarena besteak beste. Gure ospitaleak, hala ere, kolaborazio proiektuetan daude eta itxaropena badago. Baliteke gerora botikak bertan produzitu ahal izatea. Horregatik, gure ekarpena egiteko ahaleginean, Biocruces ere bada ikerketa proiektu bateko parte, eta horrek jardun ekonomikoari mesede egiten badio, hobeto.
Birusari aurre egiteko autosufizienteak izanez gero, lagungarria izango da?
Guztiz autosufizienteak izatea gatxa da, herri txikia garelako. Gaur egungo gizarte konplikatu batean eta konsumoa zelakoa den ikusita beharko genukeen guztia guk produzitzea zaila da. Baina produkzio prozesuetan ahalik eta posizio estrategikoena lortzea da gakoa, onurak atera daitezkeelako horrela: sozialak, ekonomikoak eta osasun onurak.
Eta krisi ekonomikoari dagokionez?
Argi dago daukagunari eutsi behar diogula. Horretarako laguntzak martxan ditugu. COVID funtsa sortu genuen, 1.550 milioi eurokoa. Batetik, osasun gastuak hartu ziren funts horren pentsura. Laguntzak ere eman dira sektore ekonomikoan enpresa txiki-ertainentzat. Enpresa edo autonomoek izan ditzaketen zailtasun ekonomikoak gainditzen laguntzea da asmoa. Baina hurrengo legealdiari begira ere beste proiektu batzuk baditugu, sendoagoak eta hiru foru aldundiekin batera egin beharrekoak.
Industria eta automozioa dira ekonomiaren motorea, Tapiaren esanetan. Baina osasun krisiak aldi baterako lanpostuak suntistu ditu. Sektorea berpiztuko dela uste duzue?
Horretarako neurriak hartu dira; besteak beste, kontsumoa piztearena. Produzkio sarea ez da eten, martxoan zegoen moduan dago. Baina eskaria falta da. Beraz, Renove planaren bitartez laguntza eman nahi dugu eskaria pizteko eta sektoreari eusteko. Hala ere, sektoreak berak gainezka egiten digu, ez dugu bere osotasunean kontrolatzen. Badaude enpresa asko automoziotik bizi direnak, baina gehienak kanpoko enpresen menpe daude edo auxiliarrak dira. Beraz, egin dezakeguna da demanda lagundu eta bultzatu,. Eta hori beste erkidego batzuekin zein estatuarekin batera ere egin behar da. Hain zuzen, guk geuk planteatu dugu hori, automozioak bultzada behar duelako eta sektore batzuetan modernizatzea ezinbestekoa delako. Guk bakarrik ezin dugu egin.
Berreskuratuko gara, produkzio sistema bere horretan dagoelako”
Langabeziak, baina, gora egin du. Krisi egoera honetan, zelan zaindu gizarte ongizatea?
Ikusi behar zer gertatzen den, baina Eustatek eta Ogasun sailak egindako ikerketen arabera, lanpostuen galera 68.000koa izan daiteke hiru lurraldeetan, jardun osoan. Hori konpontzeko neurri desberdinak hartu daitezke. Alde batetik, ERTEan dauden langileei dagokienez, soldatarik baxuenak dituztenek, ERTE bidez hartzen duten diruaz gain, Jaurlaritzak emango duen osagarria eskuratu ahal izango dute. Horrek ez du langabezia bideratuko, baina egoera sozial konkretu batzuk lagunduko ditu. Geroari dagokionez, argi dago pizgarri ekonomikoak martxan ipini behar direla, lanpostuen dinamika berreskuratzeko. Horretarako dugu hiru aldundiekin batera garatu dugun Guztiok Bat izeneko proiektua. Diseinua eginda dago, eta 10.000 milioi euroko funtsa sortzeko konpromisoa hartuta dago, lau urterako.
Horrez gain, sektore estrategikoetan inbertsioak bultzatzea da helburua. Gure ustez, horri ekonomikoki eusteko baliabide nahikorik izango genuke gaur gaurkoz, zergak ukitu barik, zorarren bidez. Jaurlaritzak zorra hartu behar du, baina horretarako finantza egoera ona izan behar da. Azken urteetan kudeaketa orekatua eta oso zorrotza egin dugu, eta erkidegoen artean zorrik baxuena izan dugu. Zor berria hartzeko modua daukagu eta merkatuetan ere arazorik ez dugu izan. Horrela, osasun krisiak ekarriko duen krisi ekonomikoari erantzuteko moduan gaudela uste dugu. Ekonomiaren beherakada %8koa izango bada, 2021ean %6 berreskuratzeko gai izango garela uste dugu, produzkio sistema bere horretan dagoelako.
Lehen sektoreak ere kezka sortzen du.
Busturialdea historikoki lehen sektoretik bizi izan da, eta ezin da bazter utzi. Lehen sektoreak gizarte aurreratu batean izan dezakeen bultzada mantendu behar da. Batetik, azpiegiturak mantendu behar dira; bestetik, sektorearen jarraikortasuna bermatu behar da, belaunaldien artean etenik eman ez dadin. Horretarako ditugu Itsasoratu eta Gaztenek programak. Helburua da 500 familiatan belaunaldien arteko jarraikortasuna bermatzea. Europak ere hainbat programa ditu, eta baliabideen faltarik ez dago. Baina ikusi behar da gizarteak ze jarrera duen, aukera kontua ere badelako.
Produkziorako bai, baina bertoko kontsumoa bultzatzeko programarik baduzue?
Garrantzitsua da berton ekoiztea eta berton ekoizten dena kontsumitzea. Kontsumitzeko orduan, garestiago izan arren, kalitatea eta dedikazioa kontuan hartu behar du jendeak. Lehen sektoreaz gain, bizirauteko eskubidea du eskualdeak, eta hori lehen sektoretik bakarrik ez da etorriko. Modernizatzeko azpiegiturak behar dira, eta uzta digitalaren zabalkundean aurrerapauso nabarmenak eman ditugu azken urteetan. Azpiegitura digitala bermatu dugu enpresa handiek errentagarritasunik ikusten ez duten lekuetan, jende gutxi bizi delako adibidez. Europako Batasunak baimena ematen du lekuan lekuko erakunde publikoek laguntzak emateko. Bestela, azpeigitura horiek ez lituzke inork egingo. Hiru deialdi izan ditugu, eta oraindik hornitzeko auzo batzuk gertatzen direnez, laugarren deialdia abendurako egingo da. Ahal den neurrian azpiegitura digitala etxe guztietara eramatea da asmoa, eta landa eremuetako guneetara heltzea, enpresek ere azpiegitura izan dezaten bertan kokatzeko. Garapena bultzatu eta bizimodu alternatiboak bultzatu eta sustatu behar dira.
Beste aukera bat turismoari lotuta dago. Hemen ere aukerak egon badaude, eta momentu honetan gure BPGean turismoak duen pisua handia da. Halaber, beste aukera alternatiboak ere bultzatu behar dira. I+B+Gn Leartikerren adibidea dugu. Gastronomiari lotutako proiektuak berrizteko eta sektore aurerratu batean aritzeko aukera ematen du. Hori dena bultzatzeko aukerak eman nahi ditu EAJk. Hor dago etorkizuna. Lehen sektorea mantendu behar da, beste sektoreak zainduz eta azpiegiturak bultzatuz.
Beherakada %8koa izango bada, 2021ean %6 berreskuratzeko gai izan gaitezke”
Ekonomia bultzatu behar da, baina pandemia egoeran gaude oraindik. Gogortuko balitz, prest zaudete erantzun egokia emateko?
Lehenengo kolpeak Europa osoa harrapatu zuen ezustean. Inork ez du formula bat eduki erantzuteko. Gure kasuan, ez dugu beste leku batzuetan izan duten kaosa bizi izan, ez dugu salbuespenezko baliabideen beharrik izan. Guk azpiegitura nahiko sendoak ditugu eta hasieratik hasi ginen erantzuna planifikatzen. Hainbat egokitzapen egin genituen ospitaleetan, gune ezberdinak oheekin betez ospitaleen gaitasuna eta ZIUak sendotzeko. Gure baliabideekin erantzun ahal izan diogu paandemiaren erronkari, inoren laguntzarik behar gabe.
Guri laguntza ere eskatu digute, eta batzuei eman zaie. Pozik egon behar dugu gure osasun sistemak indar nahikoa duelako. Gerora begira, martxoan baino gehiago dakigu birusari buruz. Halaber, materialen produzkioari dagokionez, hasi gara produkzio lanetan, beharrizanei erantzuteko beste, eta planifikazio sendoagoa dago osasunaren lehen arretatik kasuak sortzen direnean neurri zuzenak hartzeko; hau da, martxoan gertatu zena berriro gertatu ez dadin, eta kontaktuen neurri kirurjikoak hartzeko. Foku berri bat identifikatzerakoan berehala erantzuten diogu, sistema bat dugulako horretarako. Gainera, irailetik aurrera gripea ere helduko da, eta sintomak bardin antzekoak dira. Bata bestearengandik bereizteko sistemak garatzen ari gara, hasieratik bereizteko eta diagnostiko eta tratamendu egokia emateko.
Botikak ere badaude koronabirusa tratatzeko egokiak direnak, hilkortasun tasa murrizten dituztenak… Asko ari gara ikasten, eta itxaropentsuak izateko arrazoiak badaudela uste dut.
Gernika-Lumoko ospitalean oheak jartzeko eskaria ere egin da, behin baino gehiagotan. Eskariari erantzuna emateko asmorik bai?
Ezin dut esan planifikatuta zer dagoen, ez dakidalako. Badakit pandemia egoeran eskariak egin direla, baina baliabideen kontua baizik, langileen falta izan da arazoa. Intentsibistak eta horretan adituak diren medikuak behar dira, eta ez dira egon.
Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako sententziaren arabera, Osakidetzak babesgabetasun egoeran utzi zituen osasun langileak pandemiaren aurrean.
Bere testuinguruan ulertu behar da sententzia, eta osorik irakurri. Badaude beste errekurtso batzuk Osakidetzaren eta Ertzaintzaren aurka. Sindikatuek estatuko osasun zerbitzu denetan jarri dituzte salaketak. Datu objetibo bat da momentu guztietan behar ziren baliabide guztiak ez direla egon, baina Europa osoan gertatu izan da. Beste gauza bat da erakunde publikoaren jardun oker baten ondorioz izan dela esatea, eta jarduna neglijentea izan dela esatea. Auzitegiak, beste kasu batzuetan egin bezala, esan du erakundeen jardun okerrik ez dela egon eta ez dagoela modurik erantzukizun administratiboak eskatzeko.
Birusari dagokionez, planifikazioa hobea da lehen arretatik neurriak hartzeko”
EAJk aipatu du herria eskutik badabil, aurrera aterako dela. Noren eskua heldu nahi du EAJk? Ez da posible denen arteko kohesioa bizi dugun egoera honetatik ateratzeko?
Euskadik duen balorerik handiena da kohesio mailan aurreratuago gaudela. Gizarte diferentziak gurean txikiagoak dira, ingurukoekin konparatuta. Beti daude kolektibo batzuk bazter uzteko arrisku gehiago dituztenak, baina horri aurre egiteko neurri sozialak aspalditik ditugu. Eskua hartzea aipatzen dugu uste dugulako horrelako egoeretan izaten dela beharrezkoago gizarteak bat egitea, desberdintasunak batzer utziz eta lehentasuna emanez garrantzia duenari. Herritarren bizitza, etorkizuna, ongizatea eta oreka soziala bermatzeko. Eta horretarako inor ez da sobrean, denak gara beharrezko.
Zuen politiketan genero ikuspegia txertatu nahi duzue. Krisialdietan talderik zigortuena izaten da emakumea. Nola konpondu hori?
Berdintasunaren politika transbertsala da Jaurlaritzan, Emakundek horretarako arau zehatzak eta finkoak jarri dituelako. Politika publiko guztietan, diseinua egiterakoan, emakunderen txostena behar da, genero faktorea presente egon dadin. Lehen sektorea aipatu dugu lehen, eta badago emakume nekazariaren lege bat, legealdi honetan onartu dena. Gure konpromisoa da legealdi berrian garapen hori publiko egitea eta martxan jartzea. Nekazal munduan jakina da emakumeek izugarrizko protagonismoa izan dutela, eta gero baztertu egin dituztela. Baina gaur egun Jaurlaritzatik datozen politika guztiek dituzte faktore hori oso kontuan.
Emakumeak eta zientzia ere aipatu izan da askotan.
Zientzia arloan badago proiektu bat hainbat esparrutan zeintzialarien %40 emakume izateko. Arlo batzuetan hortik gora ere badira, enpresa jakinetan. Baina helburua da gobernuak zerikusia duen esparruetan eta ikerketa proiektuetan emakumeen kopurua gutxienez %40ra iristea.