Muxikan hildako langilearen heriotza salatu dute sindikatuek
Atzo gizon bat zauritu zen Muruetan, trenbide pasagunean tren batek harrapatuta. Istripu hori ere lan istriputzat jo dute sindikatuek, "lanetik etxerako bidean gertatu zelako". Hori horrela, administrazio publikoari eskatu diete neurriak "berehala" hartzeko.
Gehiengo sindikala Muxikan batu da gaur eguerdian, joan den barikuan Muxikan izandako lan istripua salatzeko. Basoko langile bat hil zen, lanean zebilela kolpe bat hartuta.
Basogintzan ere prekarietatea hiltzaile eta Lan istripu gehiagorik ez! lelopean, joan den barikuan gertatutakoa salatu dute sindikatuek. Lan istripuaren aurrean, administrazio publikoari eskatu diete neurriak “berehala” hartzeko, “langileen lan eta bizi kalitatea hobetzeko”. Halaber, lan arriskuen alorrean formakuntza plan bat martxan jartzea ere beharrezkoa dela diote.
Laneko biolentzia “arazo larria” dela uste dute: “Arazo estrukturala da, inposatzen diguten politiken ondorio zuzena”. Ion Basurko LABeko ordezkariak adierazi duenez, basoko langilearen heriotza eta ordutik gertatutako beste bi heriotzak salatu gura izan dituzte gaur Muxikan: “Horiekin 40 dira lan istripuan hildakoak, eta Zaldibarreko bi langileek desagertuta jarraitzen dute otsailetik”. Leire Heredia ELAko ordezkariak ere errealitate hori salatu du: “Bederatzi egun igaro dira uztailean, eta hilabete honetan lau pertsona hil dira lanean”. Gainera, koronabirusagatik hildako bi langile dituztela erregistratuta esan du, baina ez dutela “datu zehatzik” nabarmendu du.
Langileek bizi duten “prekarietatea” salatzeko dela dio Herediak: “Jendeak bizitza uzten du lanean, eta salatzekoa da hori. Datu onartezinak dira. Gainera, kontutan hartu behar da, jardueran etenaldia egon dela koronabirusagatik. Jendea etxean geratu da, eta beste askok jarraitzen dugu telelanean. Hildako langileen datuak onartezinak dira”.
Basurkok “sarraskiak” ez duela etenik adierazi du, eta gobernu, alderdi politiko zein instituzioei “behingoz” neurriak hartzeko eta “sarraskiagaz amaiatzeko” eskatu die: “Gure aldarrikapenekin jarraitzen dugu. Baina konfinamenduan garbi ikusi da nortzuk izan diren benetan langileen interesak bultzatu dituztenak, eta nortzuk ez”. Lehendakari izatera helduko denari eta lehendakarigaiei eskatu die langileetan pentsatzeko, eta euren bizitzak erdigunean jartzeko. “Langileen alde jartzeko deia egiten diegu, eta ez betiko legez, kapitalaren alde”.
Herediak argi dauka mezua. Langileen bizitzak beste gauza guztien aurretik jarri behar direla dio: “Bizitza produkzioaren aurretik jarri behar da”. Agintariei euren agenda politikoetan langileen lan baldintzak hobetzeko eta euren segurtasuna bermatzeko eskatzen urteak daramatzatela dio ELAko ordezkariak, eta prekarietatea “edonon” dagoela salatu du: “Gazteek, emakumeek… jendeak bere osasuna uzten du lanean. Enpresk dirua inbertitu behar dute langileen osasunean, istripu eta min gutxiago egoteko”.
Halaber, sindikatuei lan istripuak salatzea “asko kostatzen” zaiela salatu du Basurkok: “Sindikatuoi eta egoera hauek benetan salatzen ditugunoi asko kostatzen zaigu langileen datuak lortzea eta horrekin erantzunak ematea”.
Lan istripua Muruetan. Atzo, gainera, gizon bat zauritu zen Muruetan, trenbide pasagunean tren batek harrapatuta. Istripu hori ere lan istriputzat jo dute sindikatuek, “lanetik etxerako bidean gertatu zelako”. Larrabe auzoaren parean dagoen trenbide pasagunean Euskotreneko tren batek harrapatu zuen 68 urteko langilea. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, istripua izan zen tokian bertan artatu ondoren, zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman zuten.
Sindikatuek adierazi dutenez, “azken asteetan ematen ari den sarraskiaren beste kasu bat da”. Egoera “penagarria” dela adierazi dute, arazo soziala dela esanez. Hala, herritarrei eskatu diete bat egiteko sindikatuek aldarrikatzen dituztzen segurtasun neurriekin, “langileen ongizatea bultzatzen dutelako”.