Danona Donea jaialdi alternatiboa astelehenez dator aurten
Yoga egiten hasiko dute eguna 08:00etan, Santa Katalinako landetan. Gosaldu eta 'Los lunes al sol' filma ikusi ostean, 11:00ak inguruan, eguneko agenda osatuko dute.
Egun osoko egitaraua dakar aurten ere Danona Donea jaialdiak. Mundakan, Santa Katalinan, antolatzen duten jaialdi alternatiboa eta parte hartzailea da Danona Donea. Uztailaren 13 batean hasi ziren orain dela hiru urte jaialdia antolatzen, eta eguna mantenduz, aurten, astelehenez dator jaialdia.
Bestelako proposamen da Danona Donea jaialdia, eta aurtengo egoeragaz “inoiz baino egokiagoa” izan daitekeela uste dute antolatzaileek: “Hurbilekoengana jo dugu eta komunikabideetara ere bidali dugu informazioa. Ahoz aho ere badabil zabaltzen eta aurreko urteetan egondako jendea ere prest dago etortzeko. Hortaz, ez dakigu zenbat lagun agertuko garen. Proposamen ugari baditugu dagoeneko egunean zehar egiteko”.
“Sortzeko eta harremanak estutzeko jaialdi aproposa dela diote antolatzaileek, “masifikazioetatik aldenduta”. Danona Donea elektrizitaterik gabeko ospakizuna da; agertokiak eta txosnak alde batera uzten dituzte, eta Santa Katalinak eskaintzen duen “txoko ederraz” beste era batera disfrutatzen dute.
Goiz hasiko dira astelehenean. 08:00etan, yoga egiten hasiko dute eguna. Ordu bat beranduago elkarrekin gosaltzeko geldialdia egingo dute, eta 09:30ean, berriz, Los lunes al sol filma ikusteko aukera izango dute ordu horretarako Santa Katalinara hurbiltzen direnek. 11:00etan eguneko agenda osatuko dute. Izan ere, parte hartzaileen proposamenekin betetzen dute jaialdiaren eguneko egitaraua.
Edozein motatako egitasmo kultural eta artistikori bere txokoa eskainiko diote: besteak beste, dantzari, musikari, antzerkiari, olerkiari, irakurketari, solasaldiari eta edozein eratako ikuskizunei lekua egiten diete. Aurreratuta dauzkaten proposamen artean, txalaparta, gitarra, poesia errezitaldiak, sendabelarrak ezagutzeko ibilaldia edota itxialdiaren osteko bizimoduari buruzko solasaldiak daudela zehaztu dute antolatzaileek.
Bazkal ordura arte (14:30ak inguruan), talde txikietan proposatutako lanketa desberdinetan ibiliko dira, bai eta arratsaldez ere, 16:00etan hasi eta 18:30ak ingurura arte. Amaitzeko, borobil handi bat eginez, egunaren balorazioa egiteko batuko dira parte hartzaile guztiak.
Santa Katalinako landetan elkarrekin bazkalduko badute ere, janaria eta edaria norberak etxetik eroan beharko duela azaldu dute. Kanpotik bezperan hurbiltzeko asmoa dutenek, “aldez aurretik esanda, bertokoen etxeetan leku bat izan ahal dute lotarako”.
Informazio gehiago gura duten horiek, danona.donea@gmail.com helbide elektronikora idatzita jasoko dute.