"Nire diskorik pertsonalena da"
Aitor Etxebarriak bere izenarekin sinatu duen lehenengo lana kaleratu zuen urte hasieran: ‘Nihilism Part 1’. Azken bost urteotan sortutako piezak bildu ditu bertan.
El_Txef_A izen artistikoagaz nazioartean ibilbide oparoa egin eta gero, bere izena daraman lehenengo diskoa argitaratzea erabaki du Aitor Etxebarria musikari gernikarrak: Nihilism Part 1. 2014-2019 urte bitartean konposatutako abestiak aurkitu daitezke bertan. Orain, lana jendaurrean aurkezteaz gain, proiektu berriekin dabil. Izan ere, «pare bat» ikus-entzunezkotarako soinu bandak konposatzen dihardu.
Zelan deskribatuko zenuke zure izena daraman lehenengo lana?
Lan iluna da. Bost urtetako kontuak batzen ditu, eta denetarik dauka. Neoklasikotik hasita pop ilunera doazen estiloak jorratzen ditu. Jazz zati batzuk ere badauzka, baita ambient estiloko tarteren bat ere. Nire pertsonalitatea islatzen duen lana da, niri gustatzen zaizkidan gauza guztiak batzen ditu. Baita azken bost urteetako bizipenak ere. Ilusio handia egin didan lana da, bost urte egon naiz-eta diskoa konposatzen. Hannot Mintegiagaz egindako Markak lanaz aparte, lehenengo diskoa da Aitor Etxebarria izenean publikatu dudana, El_Txef_A etiketa kenduta kaleratu dudana, hain zuzen. Nire diskorik pertsonalena da. Osorik konposatu dut nik, eta abestu ere nik egiten dut.
Erraza izan da alde pertsonala erakusteko erabakia hartzea?
Erabakia zaila izan da, baina pozik nago. Jendea ohituta egon da El_Txef_A ezizenagaz handik eta hemendik ni entzutera. Orain, Aitor Etxebarria modura sinatzea izen berri bategaz publikatzea modukoa da, zerotik hastea. Prentsakoek eta musikaren arlokoek badakite El_Txef_A Aitor Etxebarria dela, baina jende askok ez daki. Erabaki hori hartzea arriskutsua da. El_Txef_A bezala birak egiten nituen Estatu Batuetan, Japonen, Europan,… eta orain izen berriagaz diskoa ateratzean, ez nekien jendartean zelako erantzuna izango zuen lanak. Baina pozik nago. Urte askotan prestatu dudan proiektua da, harrera ona eduki du, eta jendea Aitor Etxebarria izenera ohitzea nahi dut, aurrerantzean Aitor Etxebarria izenagaz aterako ditudalako diskoak.
“Orain ere, pare bat filmetarako soinu bandak konposatzen nabil”
2014tik 2019ra egindako lana da. Non dago abiapuntua?
Aitor Etxebarriaren izenean diskoa kaleratzea 2013tik buruan izan dudan zerbait da, baina duda asko nituen. Azkenean, Markak dokumentalerako soinu banda egin nuen, eta urtebete eduki nuen hainbeste bidaiatu barik. Orduan hartu nuen diskoa nire izenagaz kaleratzeko erabakia. Lehen inertziagaz joaten nintzen aurrerantz, dena zihoan oso arin, eta asko bidaiatzen nuen. Ezin gelditu nenbilen, baina Markak ikus-entzunezkoaren sortze prozesuan sartu nintzen, eta horrek eman zidan gelditzeko eta pentsatzeko aukera. Orain ere, pare bat ikus-entzunezkotarako soinu bandak konposatzen nabil.
Bost urtean aldaketa asko ematen dira norberaren bizitzan. Hori ere erakusten du diskoak?
Ikasten nabil beti. Diskoan badaude 2015ean zein 2018an sortutako abestiak. Estudiora 2019an joan nintzen, eta abestitik abestira nabaritzen da letra eta konposaketa eran izan dudan bilakaera. Kantu batzuk konplexuagoak dira, beste batzuk sinpleagoak, baina disko guztian, lanaren ildo nagusia den estetika sonoro bat dago. Horrek ematen dio koherentzia diskoari.
Ohikotasunetik ateratzen diren egiturak landu dituzu.
Garai komertzial batean murgilduta gaude. Abestiek 3 minutu inguru iraun behar dutela diote batzuek, irratian jarri ahal izateko. Baina nik ez dut hori bilatzen. Abesti batek 14 minutu irauten baditu, eta beste batek minutu eta erdi, ez dago arazorik. Ez dut laburtu edo luzatuko. Nire konposizioa oldarkorra da. Abesti luzeak zein oso laburrak gustatzen zaizkit.
Nihilismoa aipatzen duzu izenburuan. Zer bilatu gura izan duzu lanaren izenburuagaz?
Liburuak irakurtzean beti agertzen zitzaidan nihilismo hitza, eta kontzeptua interesgarria iruditu zitzaidan. Munduak eta gizakiaren bizitzak helburu eta zentzurik ez dutela baieztatzen duen korrontea da, eta hori sortze prozesura eraman dut. Helbururik gabeko zerbait sortzean, beldurrik barik sortzen duzu, ezer espero barik, libre. Nihil hitzak, gainera, hutsunea esan gura du, eta nire lanak isilune asko ditu.
Kolaborazio asko dauzka lan berriak.
Grabazioetan musikari askok parte hartu dute. Gainera, Hannot Mintegiak abesti batzuen konposaketetan ere lagundu dit. Asier Oleagak bateria grabatu du, Irantzu Argaratek baxua, Elena Setienek ahotsagaz lagundu dit abesti batean, Eñaut Zubizarretak biolontxeloa grabatu du, Hibai Etxebarriak pianoa, Joxe Lastra musika ingeniari moduan aritu da… Musikari asko ezagutu ditut azken urteetan, eurekin zuzenean jo dut, eta pozgarria da eurekin grabatu ahal izatea. Nik konposatu ditut abestiak, baina estudioko lana gauzatzean jendeagaz lan egitea gustatzen zait.
Hannot Mintegiagaz herritarren aurrean aritu zinen joan den astean, Astra iluntzeetan. Zelako esperientzia izan zen?
Astra kanpoan jotekoak ginen, baina euria hasi eta barruan aritu ginen azkenean. Oso klima berezia sortu zen, intimoagoa. Asko gustatu zitzaidan. Hannotek bere diskoko abesti berriak aurkeztu zituen, eta nik ere berdina egin nuen. Halaber, batera bestelako konposaketa batzuk egin ditugu, eta horiek ere aurkeztu genituen. Lehenago, baina, Trinketen aurkeztu nuen diskoa. Oso gustura irten ziren herritarrak.