Carlos Iturgaitzek Gernikako Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa defendatu ditu Gernikan
Enplegua suspertzea izango dela PP eta Ciudadanos koalizioaren arteko helburuetako bat jakinarazi zuten atzo Gernika-Lumoko Batzarretxean.
PP eta Ciudadanos koalizioan aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara, eta euren asmoen berri eman zuten atzo Gernika-Lumoko Batzarretxean. Carlos Iturgaitz lehendakariagaiak, Pablo Casadok eta Ines Arrimadasek parte hartu zuten ekitaldian.
“Gaurko ekitaldiak Euskal Herriarekin, herritarrekin, historiarekin, orainarekin eta etorkizunarekin dugun konpromisoa irudikatzen du. Espainiarekin eta Europar Batasunarekin batera gizarte askeagoa eta oparoagoa eraiki nahi dugu.Bizikidetza sektarismoari gailentzea nahi dugu”, adierazi zuen Carlos Iturgaitz lehendakariagaiak.
Halaber, Gernikako Estatutua defendatu zuen atzo, baita kontzertu ekonomikoa eta Espainiako Konstituzioa ere. “Kontzertu Ekonomikoa berresten dugu, eta Gernikako Estatutua aldarrikatzen dugu, gure historia garaikideko euskaldunen arteko akordiorik handiena delako. Euskal Herriaren etorkizuna estatutu gehiagogaz, konstituzio gehiagogaz eta nazionalismo gutxiagogaz idazten da”.
Casadok enplegua suspertzea izango dela PP eta Ciudadanos koalizioaren arteko helburuetako bat jakinarazi zuen: “Enplegu suspertzeko proiektuaren alde egingo dugu, eta etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetu gura ditugu, gazteak euren lurraldean gelditzea bultzatzeko”. Halaber, zergak jaistea, industria babestea eta Bizkai, Gipuzkoa eta Arabara inbertsio gehiago etortzea ahalbidetzea dela euren asmoa adierazi zuen.
Arrimadasek, berriz, Iturgaitzen lana nabarmendu zuen: “Espainiaren eta Euskadiren alde borrokatzen jarraitzen du, askatasuna defendatzea zaila den lurraldeetan. Miresten ditut Espainia defendatzeagatik bizitza jokatzen duten pertsonak”.