Bi hildako Muxikan, auto eta motor baten arteko istripuan
Atzo arratsaldeko lehen orduan gertatu zen istripua BI-635 errepidean. Beste bi pertsona zaurituta eraman zituzten Gurutzeta eta Galdakaoko ospitaleetara.
Bi pertsona hil eta beste bi zauritu ziren atzo, auto eta motor baten arteko istripuan, Muxikan. Segurtasun sailak jakitera eman duenez, 16:15ak aldera gertatu zen istripua BI-635 errepidean, Astelarra parean.
Segurtasun sailak jakitera eman duenez, Yamaha motor batek eta Volkswagen Vento auto batek elkar jo zuten, oraindik argitu barik dauden arrazoiengatik. Ertzaintzak ikerketa ireki du gertatutakoa argitzeko.
“Motorrean zihoan bidaiarietako bat eta autoan zihoan beste bat ia unean bertan hil ziren lesioen ondorioz”, azaldu dute. Bi ibilgailuetan zihoazen beste bi pertsonak larri zaurituta eraman zituzten Gurutzetako eta Galdakaoko ospitaleetara.
Istripuaren ondorioz, errepidea erabat moztu eta trafikoa desbideratu behar izan zuten. Auto-ilarak sortu ziren, eta 19:30ak aldera zabaldu zuten errepidea bi noranzkoetan.