Basoko langile bat hil da Muxikan
Gorozikan basoa garbitzen ari zen langilea. LAB sindikatuak administrazio publikoari eskatu dio neurriak "berehala" hartzeko, "langileen lan eta bizi kalitatea hobetzeko"
Basoko langile bat hil zen bariku arratsaldean Muxikan, lan istripu batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, istripua 16:15 inguruan gertatu zen, eta azaldu dutenez, langileak kolpe bat hartu zuen.
Osasun zerbitzuak ez ezik, Bizkaiko suhiltzaileak eta Ertzaintzaren helikoptero bat bertaratu ziren tokira, gorpua handik ateratzeko.
Eskualdeko istripuagaz, 39 dira gutxienez Euskal Herrian aurton hildako langileak, eta Zaldibarreko bi langileek desagertuta jarraitzen dute otsailetik.
Lan istripuaren aurrean, LAB sindikatuak administrazio publikoari eskatu dio neurriak “berehala” hartzeko, “langileen lan eta bizi kalitatea hobetzeko”. Halaber, lan arriskuen alorrean formakuntza plan bat martxan jartzeko ere eskatu dute. Izan ere, laneko biolentzia “arazo larria” dela uste dute: “Arazo estrukturala da, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak hil egiten gaitu”.
Basogintza sektoreko langileak “arriskupean” daudela diote: “Basogintza sektoreko jarduerak arrisku anitz ditu. Langileek lan desberdin asko egin behar izaten dituzte, askotan bakarrik. Zenbaitetan lan gogorrak eta neketsuak dira. Orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, baita estres termikoa ere, eta makinari kopuru altua erabiltzen dute. Gainera, lan arriskuen alorrean prestakuntza gutxi jasotzen dute”. Guzti horrek sektoreko ezbehar tasa altuari eragiten diola adierazi dute sindikatukoek.
Hala, hauteskundeen atarian, Eusko Jaurlaritzari galdegin diote zein pauso emateko prest dagoen “egoera eta eredu hau” geldiarazteko: “Prest ahal daude agenda politikoan lan istripuen arazo estrukturala kokatzeko?”. LABekoek argi dute, eta “eredu berri bat” gauzatu behar dela diote, “interes ekonomikoen gainetik langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena”.