Bermeotarrek bainurako gune berria daukate Martillo kaian
Gurutze Gorriko sorosleak egongo dira gunea ikuskatzen, 12:00etan hasi eta 19:00etara arte.
Urteetako herritar askoren eskaerei erantzuna emanez, aisialdirako gune berria jarri dute Martillo kaian. Hala, Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sinatutako hitzarmenari esker, 2.377 metro koadroko bainurako gunea erabili ahalko dute bermeotarrek gaurtik aurrera. Bainurako eremua baliza bidez adierazi dute.
Lehorreko eremu bat ere ezarri dute, 600 metro koadrokoa. Erabiltzaileek eguzkia hartzeko edo jolasteko aukera izango dute gune horretan.
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, Gurutze Gorriko sorosleak egongo dira gunea ikuskatzen, 12:00etan hasi eta 19:00etara arte. Gurutze Gorriko sorosleez gain, Bermeoko Udaltzaingoa ere ibiliko da, bertako segurtasuna bermatu aldera.
Udalak, beste alde batetik, informazio panela era jarri du. Horretan, gunearen erabilera egokia egiteko arauak eta gomendioak irakur daitezke. Inguru naturala modu egokian zaintzeko deia ere egin du udalak. Bestalde, xaboia erabiltzea debekatuta dagoela eta hondakinak jaso eta dagokien lekuan botatzea beharrezkoa dela gogorarazi dute. Azken hori errazteko, edukiontziak jarri dituzte, eta udala arduratuko da egunero gunea garbitzeaz.
Mugatutako tokia da, eta itsasontziak ezin dira pasatu. Hala eta guztiz ere, portuan dagoen gunea izanik, erabiltzaileei kontuz ibiltzeko eskaera egiten die. Uraren kalitatea ezin daitekeela bermatu azaldu dute.
Erabiltzaileei gogoratu gura die erabat debekatuta dagoela kaitik salto egitea eta araututako gunetik kanpo igeri egitea.
Era berean, gogorarazi dute COVID-19a dela eta hartu beharreko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala bete beharko direla.