Espezie exotiko inbaditzaileen kontrol lanak egingo dituzte Undabason
Landeketekin hasi aurretik egin beharreko lana handia dela eta, uztailaren 11n espezie exotiko inbaditzaileen kontrola egingo dute. Herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Zuhaitzak landatuz “bakarrik” baso bat egiten ez dela esanez, Lurgaia Fundazioko kide eta boluntarioak Undabasora joango dira hilaren 11n espazie exotiko inbaditzaileen kontrola egitera; batez ere eukalipto eta sasi akaziaren kontrola egingo dute.
“Kontrol lan hori egiten ez bada, berriz ernaberriztuko dira”, azaldu dute Lurgaiakoek. Halaber, anfibioentzako putzu bat eraikitzen hasiko dira: “Animalia horiek eremu berri horietara iristen laguntzea da asmoa, ugaltzeko habitatak sortzeko. Horrek intsektuak, saguzarrak, hegaztiak eta abar egotea erraztuko du”.
Horrez gain, inguru horretan egindako lanen garapenari begiratu bat emateko ere aprobetxatuko dute zapatuko jarduera, eta proiektuaren xehetasunak azaltzeko zein parte hartzaileen galderei erantzuteko tartea hartuko dute.
18 urtetik gorakoek parte hartu dezakete jardueran, eta izena emateko azken eguna uztailaren 8a izango da, 13:00ak arte. info@lurgaia.org helbidean eman behar da izena, eta sarrera-ordena errespetatuko da. Izena, abizena, adina, udalerria ete telefonorako kontaktoa adierazi beharko dira.Izen emate bakoitzeko bi pertsona onartuko dituztela jakinarazi dute.
Uztailaren 11n, 09:00etan jarri dute hitzordua Ibarruriko Andra Mari elizaren aparkalekuan, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Osasun neurriak. Lurgaiak arduraz jokatzeko eskatu du, eta talde txikietan banatuta jardungo dutela adierazi du. Halaber, maskara erabiltzea eta distantzia mantentzea derrigorrezkoa izango dela ohartarazi du.
Ohi legez, fundazioa arduratuko da materiala eramateaz, baina parte hartzaileei arropa erosoagaz joateko deia egin diete: “Begiratu zer aurreikuspen dagoen, uretako arropa edo eguzki-babeslea, txapela eta abar ekartzeko, dagokionaren arabera”. Gainera, kantinplora eta goiz erdian zerbait jateko otordua eramatearen gomendioa ere egin diete.